Bizkaitar Argia saria emongo deutso Bizkaiko Foru Aldundiak Radio Euskadiri

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko mai. 11a, 00:00

Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu dauenez, irrati publikoa sortu zaneko 70. urteurrena gogoan izango dabe eta, holan, Gobernu Kontseiluak erabagi dau, Radio Euskadiri Bizkaitar Argia saria emotea. Ganera, beste irrati biri, Bizkaia Irratiari eta Radio Nervioni, Bizkaia saria emongo deutse, horreek be urteurrenak ospatu barri dituelako.

Maiatzaren 16an egingo dan ekitaldian banatuko deutsiez sariak hiru irratietako ordezkariei. Bizkaitar Argia sarien bidez, Bizkaia eta haren balioak bultzatzen lagundu daben personak zein erakundeak omentzen dira.

Radio Euskadi orain dala 70 urte sortu zan. Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu dauenez, euskal gizarteari egin deutson ekarpena saritu nahi dabe. Hasikerako urteetan erbestetik egin bazan be, Radio Euskadik eutsi egin deutso zazpi hamarkadako ibilbidean eta pluraltasunaren eta askatasunaren ikur bihurtu da, Foru Aldundiak azpimarratu dauenez.

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko irrati eta telebista publikoen, EiTBren, zati da Radio Euskadi. Egun osoko programazino generalistea eskaintzen dau, gehiena gaztelaniaz.

Bestetik, Bizkaia saria jasoko daben Bizkaia Irratia eta Radio Nervion be ospakizunetan sartuta dagoz. Lehenengoak 25 urte bete ditu eta bigarrenak, 30. Foru Aldundiaren esanetan, konplizidade handiko hartu-emona lortu dau Radio Nervionek Bizkai guztiko entzuleakaz, hiru hamarkadako ibilbidean.

Bizkaia Irratiaren ganean, ostera, kalidadezko eskaintzea eta bizkaierearen aldeko apustua nabarmendu ditu Foru Aldundiak. 1990ean sortu zanetik, Bizkaia Irratiak euskera hutsean emitidu dau, Bizkaiko euskeran hain zuzen.

Osorik irakurri