Aneguria, Pet Fennec eta Dekot dira Gaztea Maketa lehiaketako finalistak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko mai. 11a, 00:00

Gaztea Maketa Lehiaketearen finala maiatzaren 27an izango da Bilboko Kafe Antzokian, eta epaimahaiak hautatu ditu dagoeneko oholtza gainera igoko diran taldeak: Aneguria, Pet Fennec eta Dekot.

Rap eta raggamuffing doinuak buztartzen dituan abeslaria da Aneguria; Pet Fennec, Urko Eizmendi abeslari eta konpositore donostiarraren indie rock proiektu barria da; eta Dekot talde bizkaitarra, Marurin egoitzea dauena, barriz, Ibai, Ibon eta Ane musikarien gidaritzapean sortutako proiektua.

Beste alde batetik, oraintsu jakin genduanez, GazteBizHitza saria eroan dauen Katez taldeak be bere kantua aurkeztuko dau Kafe Antzokiko agertokian, baita entzuleen artean boto gehien jaso dituan bigarren taldeak be: Eraulek, hain zuzen be. Hardcore melodikoari adarretatik eutsita, eroso moldatzen da agertokian Katez seikotea, eta Eraul taldeak, ostera, folk, pop eta blues erritmoak jorratzen ditu.

Kontuak kontu, estilo desbardinetako taldeak agertuko dira maiatzaren 27an, Bilboko Kafe Antzokian egingo dan final handian eta sari potoloak izango ditue jokoan. Gaztearen 25. urteurrena behar dan moduan ospatzeko, epaimahaiak 5.000 euroko saria emongo dau. Horrezaz gan, Bilbao BBK Live jaialdian joteko aukerea be izango dau. Entzuleen Saria, barriz, GazteBizHitzaren eskutik etorriko da: 2.500 euro hartuko ditu irabazlea.

Bestalde, Kafe Antzokiak 500 euro emongo deutsoz finalisten artean ondoen moldatzen dan taldeari.

Osorik irakurri