Urtebeteko ospakizunetan sartuta dabil Bilboko Guggenheim Museoa igazko urritik, hamarkada biko ibilbidea gogoratzeko. Programazino horren azken ekitaldia goi mailako eta ezohiko ikuskizun bat izatea nahi dau museoko zuzendaritzeak eta, horregaitik, 59 Productions etxe ingelesari eskatu deutso ikuskizun berezia atontzeko. Holan sortu da Reflections, argiaren eta soinuaren bidez Guggenheimen azala eraldatuko dauen ikuskizuna, publikoak doban disfrutau ahal izango dauena.
Eraikin eta egitura handietan efektu bereziak sortzen dituan enpresea da 59 Productions. Antzokietan hasi eban ibilbidea baina gaur egun aire zabaleko ospakizun handietan ibilten da. Esate baterako, Londresko Joko Olinpikoetako inaugurazino ekitaldiko ikus-entzunezkoak landu zituan. Puntako teknologia erabilten dabe halako ikuskizunak sortzeko. Teknikariek eta artistek alkarlanean sortzen ditue diseinuak.
Leo Warner enpresearen sortzaile eta arduradunak adierazo dauenez, erronka handia da Guggenheim Museoko proiektu hau, orain arte izan dogun handiena dala esan geinke. Izan be, proiektore batzuen bidez, museoaren kanpoalde guztia argiz bete nahi dabe, formak eta efektu bisualak sortuaz. Frank Gehryk diseinautako titaniozko gainazal irregularrean proiekzinoa ondo egitea gatxa da. Warnerrek azaldu dauenez, errekearen beste aldean, Unibersidadeen etorbidean, hiru proiekzino gune egongo dira eta horreetako bakotxean hainbat foku.
Egitasmo gatxa baina erakargarritasun handikoa da Reflections, Warnerren ustez: Frank Gehryk eraikin honetako bihurguneak argia harrapetako diseinau zituan eta guk akulutzat hartu dogu hori, argiaren bidez museoaren historia aztertu eta kontetako. Nick Powell konpositoreak obra honetarako beren-beregi sortutako musikeak lagunduko deutso ikuskizunari.
Reflections 20 minutu inguruko ikuskizuna izango da. Urriaren 11tik 14ra, iluntzero hainbat aldiz egingo da proiekzinoa eta, modu horretara, nahi daben bisitari guztiek ikusi ahal izango dabe, Unibersidadeen etorbidean ipiniko diran harmaila berezietatik. Doban izango da.
Juan Ignacio Vidarte Bilboko Guggenheim Museoko zuzendariak dino esperientzia bakar eta ahaztezinaizango dala eta nahi daben bilbotar eta bisitari guztiei parte hartzeko deia egin deutse. 20. urteurrena biribiltzeko modu aproposena dala uste dau. Chasmanta izeneko beste ikuskizun bat be preparetan dabiz ospakizunak amaitzeko, baina horren barri aurrerago emongo dabela azaldu dau Vidartek.
Leo Warnerregaz eta Juan Ignacio Vidartegaz batera, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Asís Canales Iberdrolako ordezkaria egon dira Reflections aurkezteko ekitaldian. Izan be, Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Iberdrola dira ikuskizunaren babesleak.
Bizkaiak 20. urteurreneko ekitaldietan egon behar dau, hasikeratik egon garelako Guggenheimen alboan, adierazo dau Rementeriak. Juan Mari Aburtok, bestetik, uste dau museoa motor ekonomiko eta kulturala dala, harribitxia, eta horregaitik babestu egin behar dala: Beti egingo dogu Guggenheimen aldeko apustu sendoa, beste 20, 40 edo 100 urte bete daizan.