Ekimenean umeek kostaldeko herriak eta uharteak bisitatu ahal izango ditue eta bertan itsasoratzen diran ibaiak, itsaslabarrak, lurmuturrak, hondartzak eta itsasargiak ezagutzeko aukerea izango dabe. Ganera, inguru hareetako antxinako biztanleak, kondairak, itsasoko faunea eta lanak, ontziak eta kirolak, sasoi guztietako tresna nautikoak… ikusi ahal izango ditue.
Pasa dan astean esaterako, talde bat Itsas Museora joan zan Bilbobusean eta piraten bizimodua zelakoa zan ezagutu ahal izan eban. Tailer baten bidez, nabigazinoaren munduan murgildu ziran umeak eta joko baten bidez, altxorraren kutxa aurkitu ahal izan eben; Patxi Piratak bere bihurrikeriak kontatu eutsiezan ipuin dramatizadu baten bidez.
Aste honetan barriz, metroa izango da euren garraiobidea eta Santurtziko Itsasoa Museora joango dira. Bertako marinelen historian oso garrantzitsua dan eraikin baten dago, arrantzaleen kofradian. Arrantza-ontzi bat eta sardina freskue esamoldearen jatorria ezagutuko dabe bertan eta marinelen korapiloak egiten ikasiko dabe.
Udako Jolastokia Bilboko zortzi barrutietan egiten da eta txangoen, tailerren eta jarduera ugariren bidez, hiru eta bost urte bitarteko umeek jarduera ludikoak, kiroletakoak edota didaktikoak egiten ditue udako oporretan. Programazinoa gaztelaniaz eta euskeraz egiten da, baina euskera da komunikatzeko hizkuntza nagusia.
Ekimen honegaz, Bilboko Udalak erraztasunak emon nahi ditu herritarren lana eta bizitza personala buztartzeko. Izan be, jarduera honeekaz eskolako oporretako hamar astetik bederatzi betetzen dira. Ganera, euskeraren eta ingelesaren erabilera sustatu nahi dabe umeen aisialdiko jardueretan.