Bilboko Arte Ederren Museoak Luis Paret y Alcazar Artistearen ‘Bermeoko Bista’ (1783) obrea aurkeztu dau

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2017ko uzt. 12a, 09:03

Kantauriko kostaldeko portuak erakusten dituen margolanen saileko lehen piezatzat hartu dabe.

Jose Luis Varez Fisaren oinordekoei erosi deutse Arte Ederren Museoak koadroa. Ordainketea egiteko, mailegu bat eskatu behar izan dau Bilboko erakustokiak eta datozen urteetan ordainduko dabe, Museoaren Lagunen ekarpenen bidez.

Luis Paret y Alcazarren obreak interes historiko itzela dauela dinoe Arte Ederrekoek, izan be, Kantauriko kostaldeko portuak erakusten dituen koadroen saileko lehen obratzat hartua da, eta madrildar artistak marraztutako Euskal Herriko lehen irudia be bada. Goyaren urte berean jaio zan Paret, eta, zorigaiztoko gorabehera biografiko batzuk zirala galdu eban Gortean lortutako ospe ona eta nagusitasuna, Goyaren mesedetan. Sasoi haretan, Euskal Herrian ia ez egoan tradizino artistikorik eta Pareten mailako margolari bat hemen bizi izana gertaera ezohikoa izan zan, bai eta garrantzi handikoa be, herrialdearen bilakaera artistiko eta kulturalerako.

Obra hau, XVIII. mendeko pinturako maisulan handietakoa ez eze, Euskal Herriko herri baten lehen irudi moderno eta hertsiki artistikoa dala esan leike. Bikain konserbatutako olio pinturea da, kobrezko euskarri delikadua izan arren. Ezin hobeto buztartzen ditu jagondako konposizinoa eta eszenaratzea, azken ukitu bikain eta xeheakaz. Paretek topaketa sozial modura landu eban bistea, eta duintasunez agertu zituan tipoak eta ohiturak; alderdi horretatik, aurrekaririk bako lekukotzea emon eban euskal lurraldeari dagokionez.

Karlos IV.a erregea izango zanarentzat, Karlos III.aren seme eta garai haretan Asturiasko Printze zanarentzat margotu eban kuadroa.

Paretek Bermeoko beste bista bategaz bikotea osotzeko asmoz sortuu eban margolan hau; beste obrea desagertuta dago gaur egun, portua ekaitz bete-betean ikusten zan haretan. Bilboko Arte Ederren Museoak Paret y Alcazarren (1746-1799) bildumea osotuko dau lan honegaz.

Bilduma horretan dagoz, lehendik, Bilboko Arenalaren bistea, 1783-1784koa; Baserritarren eszenea (zatia), 1786koa; Hondarribiko bistea (zatia), 1786koa; Maitasunaren garaipena gerraren aurrean, 1784koa; Ama Birjina Umeagaz eta Santiago Nagusiagaz, 1786koa; Jainko Artzaina, 1782koa; eta, orain, Bermeoko bistea eskuratu barria, aitatu dogun legez, 1783koa.