Burdin Harresia babesteko, jagoteko eta balioesteko proiektua aurkeztu dau gaur goizean Iñigo Urkullu lehendakariak eta defentsa lerro-hori Memoria Demokratikoaren ibilbidean sartuko dabela iragarri dau.
Aurkezpena Bilboko Gogora Institutuaren egoitzan egin dabe eta, lehendakariagaz batera, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Gogorako zuzendari Aintzane Ezenarro, foru aldundietako agintariak eta Burdin Harresiak zeharkatzen dituan 33 udalerrietako udal ordezkariak egon dira.
Urkulluk nabarmendu dauenez, proiektu honek sufridutako oinaze bidebakoa azalarazoten dau eta, halaber, bizikidetza demokratiko bat eregi eta defendatzeko eta pakean eta giza eskubideen defentsan oinarritutako jendarte bat eregitzeko eginiko ahalegina autortzen dau. Proiektuak bere alderdi pedagogikoa be badauka. Irizpide kritikoak eta sendoak dituan gizarte bat sortu nahi daualako.
Lankidetza-eremu komun bat ezartzeko Euskal Herriko historiaren barruan garrantzi handia dauen pasarte horri loturiko osagai hau babestu, sendotu eta azaleratu ahal izateko, erakundeen arteko akordio bat sinatuko dabe, hemendik gitxira, Eusko Jaurlaritzeak, foru aldundiek eta inplikatuta dagozan udal guztiek.
Burdin Harresia, 1936ko Gerra Zibilean Bilbo eta bere inguruneak Francoren armadearengandik babesteko eregitako defentsa-lerroa izan zan. Agirre Lehendakaria buru eban Eusko Jaurlaritza barriak eregi eban 80 Km. inguruko eta ferrea itxurako defentsa-lerro hori, Bizkaiko uria, inguruko herriak, Abra badiako portua eta argi eta ur-hornidurak babesteko.
Defentsa-lerroak 300 osagai baino gehiago zituan: lubakiak, alanbre-hesiak, babeslekuak eta gotorlekuak, besteak beste. Francoren armadeak bagilaren 19an hartu eban Bilbo. Aste bi lehenago bere babes-sistemea, Burdin Harresia alegia, apurtua egoan, Alejandro Goicoechea Omar bere sustatzailearen traizinoari esker, lerroaren planoa armada kolpistari helarazi eutsolako.
Hesiak 33 euskal udalerri zeharkatzen zituan. Gaur egun, baina, 25 dira aztarnaren bat daben udalerriak eta aztarna horreek guztiak babestu egingo dira akordioaren bidez.
Lotura zuzena: http://bizkaie.biz/1501233054791