Aiora Renteria izango da Bizkaiko sagardaoaren enbaxadore

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2018ko urt. 15a, 12:30

Zea Mays taldea

Zea Mays taldeko abeslaria denporaldi hasierako txotxean izango da, hilaren 22an.

Bizkaiko Sagardaogileen Alkarteak urtarrilaren 22an egingo dau denporaldia hasteko ekitaldia, Zornotzako Uxarte sagardaotegian. Bertan izango da Zea Mays taldeko abeslari Aiora Renteria, izan be, bera izango da aurten Bizkaiko sagardaoaren enbaxadorea. Ibilbide luzea egin dau Zea Maysek, 20 urte bete zituan igaz, eta horregaitik bertoko produktuen ordezkari ona izango da Renteria bilbotarra, sagardao produktoreen ustez.

Goizeko 11:30ean hasiko da Uxarteko ekitaldia, datorren astelehenean. Aiora Renteriagaz eta Bizkaiko sagardaogileakaz batera, erakunde publikoetako ordezkariak be han izango dira. Jai giroan, aurtengo sagardaoa dastatzeko edo probetako aukerea egongo da.

Gaur egun, zortzi sagardaogile dagoz Bizkaiko alkartean: Berriatuko Laka-Erdi, Gatikako Etxebarria eta Eguskiza, Gizaburuko Laneko, Lezamako Erdikoetxe, Markina-Xemeingo Axpe eta Zornotzako Etxerriaga eta Uxarte.

Gipuzkoako hainbat sagardaotegi ezagunek egiten daben moduan, Bizkaiko sagardaogileek be euren produktua ezagutzera emoteko ekitaldia egiten dabe denporaldi bakotxaren hasieran, persona edo talde ezagunen bat gonbidauta. Aurten Zea Mayseko Aiora Renteria izango da Bizkaiko sagardaoaren ordezkari; igaz Andoni Aizpuru kazetaria aukeratu eben eta 2016an, Aitzol Atutxa aizkolaria.