Gazteen artean euskerearen erabilerea suspertzeko espedizinoa

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2018ko urt. 22a, 13:09

Iker Goñi eta Irati Labaien aurkezpenean

Aspaldi ezagun egin zan Ruta Quetzal egitasmoa izan dau EuskarAbentura alkarteak inspirazino iturri aurten garagarrilean egingo daben espedizino gaztea sortzeko. Euskal Herriko herrialde guztiak zeharkatzea dau helburu ekimenak, gazteen artean euskerearen erabilerea bizkortzeko.

Espedizino hau 16 eta 17 urteko gazte euskaldunei dago zuzenduta, hau da, 2001-2002 urteetan jaiotakoei. EuskarAbenturako kide Irati Labaienek adierazo dauenez, edade-tarte hau da, batez be gauzak deskubriduteko eta heldutasunean definiduko gaituen esperientziak biziten doguzan momentua. Ganera, gazte sasoian hartu-emon barri asko egiten dira eta oso garrantzitsua da hartu-emon horreetako hizkuntza ohituretan eragitea.

Euskal Herriko zazpi herrialdeetako eta diasporako gazteek osotuko dabe espedizino taldea. Euskeraz dakien edozein gaztek hartu leikie parte, jatorria edozein dalarik. Ez da matrikula-kuotarik ordaindu beharko.

Espedizinoa beraz, gararrilaren 1ean abiatuko da Mauletik, Done Jakue bidearen Ibilbide Frantsesa jarraituz, Donibane Garazi eta Iruñetik igaro eta Vianaraino. Bertatik autobus batek Donemiliaga Kukulara eroango ditu abenturazaleak. Bertan orain arte topau diran euskerazko testu zaharrenak ikusi ahal izango ditue: inguru horretan agertutako esaldietako bat jizioqui dugu da EuskarAbenturearen aurkezpen gutunean, Iker Goñik azaldu dauen moduan, glosak ezagutzera emoteaz gan egitasmoaren espirituagaz bat datorrelako oso: biztuko dogu; bidea biztu, hizkuntzea biztu, etorkizun diran gazteak biztu.

Donemiliagatik Añana Gatzagara igon eta Barrualdeko bidea kontrako norabidean egingo dabe Iruneraino. Trenez Baionara joan eta handik Kostaldeko ibilbidetik jarraituko dabe, Kantauri kostalde guztia zeharkatuz, Getxoko Bizkaia zubian amaitzeko, garagarrilaren 31n. Espedizinoa Euskal Herrian kokatzen diran Unescok izentautako gizateriaren ondare guztietatik pasako da: Done Jakue bidea, Santimamiñeko kobazuloak, Ekaingo leizeak, Altxerriko kobak eta Bizkaia zubia.

Parte hartzeko izen-emote inprimakia beteteagaz batera, gazteek motibazino gutuna eta lan bat bialdu beharko ditue. Lana egiteko hiru gai orokor dagoz aukeran, modu librean landu ahal diranak: Euskerea & zure herriaEuskerea & emakumeak eta Euskerea & itsasoa. Goñik azpimarratu dauenez, talentu desbardinetako gazteak erakarteko asmoz, alkarteak bost muetako lanak jasoko ditu: historikoa, literarioa, plastikoa, musikala eta ikus-entzunezkoa. Izen-emotea eta lanen bialketea webgunearenbitartez egingo da martiaren 18a baino lehen. Lanak Eusko Ikaskuntzeagaz alkarlanean ebaluauko ditue eta lan onenen egileek espedizino-bekea irabaziko dabe. 

Kontuak kontu, apirilaren 16an argitaratuko da abenturan parte hartuko daben 120 gazteen zerrendea.

Euskal Herriko hainbat txokotako hamaika lagunek osotuten dabe EuskarAbenturaren talde sustatzailea; euskerearen normalizazinoan eragiteko helburuagaz ekin eutsien lanari, gazteen artean euskerearen erabileran eragiteko gure aletxoa jarteko borondatez, dino Iker Goñik. Eta gauzatzeko aukeratutako momentua ez da edozein, izan be 2018a Euskaraldiaren urtea izango da, kasualidade ezin hobea, EuskarAbentureak hiztun gazteen aktibazinoan bete-betean eragin nahi dauelako, ganeratu dau.

Horrezaz gan, ekimenak baditu beste helburu batzuk: euskal lurraldearen ezagutzan sakontzea, gazte euskaldunen sarea osotutea eta, antolatzaileen ustez, positiboak diran zeharkako beste balio batzuk transmitidutea, berbarako, bizikidetzea, ingurumenaren errespetua, genero bardintasuna, bizi ohitura osasuntsuak… Eta, batez be, gazte horreek, bakotxa bere inguruan, abenturan zehar jasotako guztiaren zabaltzaile eta eragile izatea.