Txantxangorria, Bilboko denda euskaldunetan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2018ko urt. 29a, 13:15

Koldo Narbaiza eta Aitor Elizegi (argazkia: Bilboko Udala)

Udalak eta BilbaoDendak alkarteak indarrak batu ditue gure hizkuntzearen erabilerea bultzatzeko.

Bilboko dendetan eta ostalaritza-establezimenduetan euskerearen erabilerea handitzeko asmoz, Udalak eta BilbaoDendak alkarteak bat egin dabe plangintza barria martxan jarteko. Horren arabera, txantxangorriaren sinboloa ipiniko dabe euskerazko komunikazinoa lantzen daben establezimenduak identifiketako.

Koldo Narbaiza Udaleko Euskera zinegotziak eta Aitor Elizegi BilbaoDendak-eko presidenteak sinatu dabe hitzarmena. Jaurlaritzeak martxan jarritako Eman hegoak euskarari kanpainearen bideari segiduta, txantxangorria izango da kanpaina barriaren sinboloa. Euskerea euren komunikazinoan darabilen saltoki eta tabernak lehen begi kolpean identifikau ahal izateko, txantxangorria oinarri dauen bereizgarria diseinau dabe.

BilbaoDendak-eko bazkide diran establezimenduek alkartean bertan eskatu leikie txantxangorria, 946 002 200 telefono zenbakira deituta. Era horretara, euskereagaz daben konpromisoa erakutsiko dabe. Bezeroak, ostera, txantxangorria ikusita jakingo dau denda edo taberna horretan euskerazko arretea jaso ahal izango dauela. 

Hau ez da uriko merkataritzan euskerearen erabilerea bultzatzeko egin dan lehenengo ekimena. Izan be, 2016tik martxan dago Biribilko programea. Dendek bezeroei arretea emoteko baliabide praktikoak eskaintzen ditu Biribilkok, tartean euskereari lotutakoak, esaterako ikastaroak, euskerazko errotulazinorako jarraibideak eta sareko hiztegiak. 

Kanpaina barriaren aurkezpenean azpimarratu dabenez, bezeroei kalidadezko zerbitzua emotea da BilbaoDendak-en funtsezko helburuetako bat. Alkarte horren barruan 2.000 saltoki baino gehiago dagoz eta helburu hori bete ahal izateko, lan-ildo nagusienetako bat uriko saltokietan euskerea bultzatzea da. Bezeroari hizkuntza ofizialetako edozeinetan zerbitzua eskaintzea giltzarria da, batetik, herritarren artean gero eta gehiago erabilten dalako euskerea eta, bestetik, saltokiek eta merkatariek gure hizkuntzearen erabileran eta zabalkundean euren aletxua jarri leikielako.