Igorren hasiko da XXVI. BBK Sariketea

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2018ko ots. 26a, 09:15

Ione Narbaiza, Xabat Galletebeitia, Juanjo Respaldiza eta BBK-ko Onintze Ituiño

Bizkaiko bertsolari gazteen harrobia da txapelketea.

Bizkaiko Bertsozale Alkarteak eta Ikastolen Alkarteak antolatuta, zortzi talde lehiatuko dira XXVI. Bertsolari Gazteen BBK Txapelketan, bihar, martitzena, Igorren hasita. Lau kanporaketa, finalaurreko bi eta martiaren 22ko finala jokatuko ditue zortzi eskualdeetako ordezkariek.

Arratia, Busturia, Durangaldea, Enkarterri-Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe-Butroe eta Uribe-Kosta izango dira horreek sei taldeak. Bizkai osoa hartzen dabe, Juanjo Respaldiza Ikastolen Alkarteko bertsolaritza arduradunak azpimarratu dauenez. Saioetan sei bertsolari izango ditu eskualde bakotxak, hau da, 48 neska-mutil guztira. Baina saio batetik bestera talde batzuek aldaketak egiten dituenez, danetara 60 bertsolari inguru dagoz parte hartzeko prest, Respaldizaren arabera. Ederra da Bizkaian edade horretako horrenbeste gazte bertsotan egiteko gogoz egotea.

Eskualde bakotxak aurkezten dauen taldearen oinarria bertso-eskoletan dagoala zehaztu dabe antolatzaileek. Maila bitan banatuko ditue parte-hartzaileak, 18 urtera artekoak eta hortik gorakoak, 24ra arte. Saio bakotxaren amaieran, maila bietako puntuak batzen ditue, irabazlea aukeratzeko.

Harrobia lantzeko eta bertsozaletasuna gazteen artean zabaltzeko aproposa da BBK Sariketea. Ganera, bertsolari barrienaa ez da lantzen daben harrobi bakarra. Bizkaiko Bertsozale Alkarteko Ione Narbaizak nabarmendu dauenez, zaleak be gazteak izaten dira, saioak ikastetxeetan eta goizez izaten diralako. Alkartearen ikastaroetan parte hartu daben epaile eta gai-jartzaile barriak trebatzeko be aprobetxetan dabe sariketea.

Bizkaiko Txapelketako finalean birritan kantautako Xabat Galletebeitiak ondo baino hobeto daki BBK Sariketeak zelako onurea dakarren bertsolari gazteentzat. Berak itxi egin eban bertsolaritzea gaztetan eta, 21 urtegaz, barriro ekin eutsan, BBK Sariketan parte hartzeko. Aukerak emoteko orduan, garrantzitsuak dira halako txapelketak, aitatu dau.

Lehiaketa baten formaltasunaren barruan, saioek puntu informala daukiela azaldu dau Galletebeitiak, ikastetxeetan izaten diralako, lagunartean. Horrek lagundu egiten deutse gazteei plazara urteten.

Kontuak kontu, bihar, martitzena, jokatuko da aurtengo edizinoko lehenengo kanporaketea, Igorreko institutuan, goizeko 11:30ean. Arratia eta Durangaldea izango dira nor baino nor. Bigarren hitzordua martiaren 1ean helduko da Zallara, Busturialdea eta Enkarterri lehiakide dirala. Hirugarren kanporaketea Deustun izango da hil horren 5ean (Hego Uribe-Uribe Butroe) eta laugarrena, 6an Markina-Xemeinen (Lea Artibai-Uribe Kosta).

Saio bakotxeko irabazleak finalaurrekoetara pasauko dira: Lehenengoa martiaren 12an izango da, Durangon; bigarrena, 13an Sopelan. Finala Bilboko BBK Salan jokatuko da martiaren 22an. Saio guztietara sartzea doban da.