Bilbainada lehiaketan parte hartzeko deialdia zabalik

Bagilaren 6ra arte egongo da abestiak aurkezteko aukerea.

Bilbon tradizinoz ezaguna dan abesti mueta honen sorkuntzea bultzatzea eta jairako espirituari eta ohitureari eusteko asmoz, Bilboko Udalak, Radio Nervionek eta Telebilbaok alkarlanean urtero atontzen dabe Bilbainada lehiaketea.

Aurten 30. edizinoa dau eta antolatzaileek iragarri dabenez, 5.200 euro baino gehiago banatuko ditue saritan. Horrezaz gan, konposizino barriren bat Bilboko errepertorioko klasiko bihurtzeko erronkea be badau.

Parte hartu nahi dabenek bagilaren 8ra arte izango dabe epea egungo Bilbo edo itsasadar inguruko udalerri, persona, ohitura eta eguneroko bizipenen ganeko jatorrizko abestiak aurkezteko. Grabazinoak Radio Nerviónen aurkeztu ahal izango dira eta Bilboko Udaleko Kultura Sailean (Venezuela plaza, 2).

Hamarkada bi honeetan, Por el río Nervión eta Un inglés vino a Bilbao-ren moduko abestiak baztertu ez baditue be, egitasmo honi esker uriko abesti herrikoiak gaurkotu egin dira, eta bertan Bilboko ikono barriak sartu dira, Guggenheim Museoa eta Metroa, besteak beste.

Sariari jagokonez, gaztelaniazko bilbainada hoberenak 955 euro jasoko ditu, euskerazkoak beste 955 eta 420 euroko zortzi akzesit egongo dira. Konposizinoak grabazino baten aurkeztu beharko dira, eta hareekaz batera kantuen berbak. Lanak onartzeko eskakizun nagusia jatorrizko lanak izatea da eta gaiak Bilboren edo itsasadarraren ganekoak izan beharko dira.

Beste alde batetik, ohikoa danez, Bilboko Udalak musikari profesionalek grabautako disko bat argitaratuko dau abesti irabazleakaz. Sariok Aste Nagusian banatuko ditue. Diskoa barriz, urte amaieran Arriaga Antzokian egingo dan galan aurkeztuko dabe.

Arduradunek dinoenez, Bilbainada lehiaketea gure uriaren egunerokotasuna erakusten daben abesti bildumea bilakatu da urteakaz. Pieza horreek Bilboren historia kontetan dabe, arkitektura lan, garraiobide, erakunde edota personaia enblematikoenetakoetan oinarrituta.