Egunotan hasiko da Errenta Autorpenaren kanpainea Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta herritarrek tramiteak euskeraz egiteko aukerea dabe. Hori dala eta, kanpainea martxan ipini dabe euskaldunek euskerea aukeratu daien. Udalerri Euskaldunen Mankomunidadea (UEMA), udalak eta erakunde publikoak dira bultzatzaile.
Errenta autorpena euskeraz eginda, administrazinoaren euskalduntzean laguntzen da, UEMAren arabera. Herritarrek hainbat bide ditue tramiteak euskeraz egiteko, modu errazean: hasieratik, zein hizkuntzatan egin nahi daben aukeratu leikie. Foru erakunde bakotxak bere ogasuna dauka eta, hortaz, prozedurak lekuaren arabera aldatzen dira, baina beti dira antzekoak, mankomunidadeak zehaztu dauenez.
UEMAk berenberegi dei egin deutsie udalerri euskaldunetan bizi diran herritarrei, autorpena euskeraz egin deien. Era horretara, datuetan be islatuko da herri euskaldunetan euskeraz bizi garela. Mankomunidadeak ondokoa ganeratu dau: Euskerearen normalizazinorako bidean udalerri euskaldunak egiten dabizan beste urrats bat da autorpena ahalik eta herritar gehienek euskeraz egitea. Urratsa sendoa izan daiten, herritarren babesa eta parte-hartzea beharrezkoa da.
UEMAk udalen, euskera alkarteen eta interesa daben guztien esku jarri dau kanpainearen material grafikoa. Kartelak, eskuorriak, gif animaduak eta abar dira.