Euskerazko Wikipediaren atal bat izateko jaio da Txikipedia. Gai, lexiko eta sintaxi aldetik, 8 eta 13 urte bitarteko umeeentzako egokituta dagoan euskerazko entziklopedia bat da. Hizkerea modu berezian zaindu dabe edade-tarte horretako gaztetxuentzat irakurteko eta ulertzeko erraza izateko, sortzaileek dinoenez.
Eskolako lanakaz laguntzeko sortu dabe entziklopedia hau, izan be edade tarte horretako umeek batez be Wikipedia hartzen dabe erreferentziatzat etxerako lanak egiterako orduan eta askotan jasoten daben informazinoa konplexuegia da eurentzat. Horrek informazinoa beste hizkuntza batzuetan bilatzera eroaten ditu umeak. Halandabe, Txikipediaren beste helburuetako bat da edonori euskerazko edukia modu ulergarri baten eskaintzea.
Edonork parte hartu leike Txikipedia osotuten, informazinoa gehituz, testuak idatziz, aldatuz… horretarako kontua egin beharko dau interesa dauenak eta egile-eskubideak errespetau. Euskal Wikilarien Alkarteak umeek bertan parte hartzea nahi dau, irakasleen laguntzinoagaz beti be. Irakasleek proiektu honetan parte hartzeko helbide hau luzatu dabe alkartekoek: hezkuntza@wikimedia.eu
Bihar, eguena, Euskal Wikipedia elikatzen jardunaldiaren barruan, Txikipedia aurkeztuko dabe jentearen aurrean Huhezin, goizeko 10:00etatik aurrera.