Salbatzaile Jantza Taldearen 40.urteurrenaren ospakizunak aparteko indarra izango dau XIV. Euskal Jaian, Bilboko Kastaños auzoan, datorren astegoienean. Jantza taldeak berak sustatuta, jaiak datorren barikuan, bagilaren 1ean, hasiko dira era ofizialean, pregoiaren irakurketeagaz. Aurtengo barrikuntzak antzezpen bi, hainbat kolaborazino bariku gaueko kontzertuan eta clown ikuskizun barria dira, eta urtero legez, Artxandarako Funikularreko plazan izango diran jardueren artean, musika estilo desbardinetako kontzertuak, ohiko jantzen ikuskizuna eta erromeria eta lehiaketa gastronomikoak izango dira.
Euskerea eta jai egunetan auzokideek parte hartzea izango dira Salbatzaile Jantza Taldearen helburuak, beste urte batez Euskal Jaia antolatzeaz arduratuta, auzoko talde eta koadrilen eta ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduen laguntzinoagaz.
Pregoia irakurri aurretik, eguenean, maiatzaren 31n, giroa berotzen hasiko da, Mikel Martinez aktoreak eskainiko dauen Tabernaria bakarrizketeagaz, Patxo Telleriaren testuagaz, biak Tartean Teatroa taldekoak. Amaieran, Kastaños Kantari taldeak auzokoak konbidauko ditu euskal kantuak abestu deiezan, eta gauza bera egingo dau hurrengo egunean, bagilaren 1ean, 19:30ean, auzoko talde batek irakurriko dauen pregoiaren ondoren. Egun horretan, Molto Vivace taldearen animazinoa eta LET - Hotzak taldearen kontzertua izango dira plazan.
Zapatuan, bagilaren 2an, txistularien kalejireagaz izartuko da auzoa. Umeentzako tailerrak egongo dira plazan eta Clown malabaristek 1 y 1 Circo ikuskizuna estreinauko dabe, Imanol Suso tarteko dala. Ondoren, auzokideek gogoratzen dabena eta auzoari buruz daben ezagutzea agirian itxi ahal izango dabe Kastañosko Tribial Handia Lehiaketan, Igel Txapelketea jokatzen dan bitartean. Arratsaldeko 18:00etan, Salbatzaile Jantza Taldeak Euskal Herriko jantzen erakustaldia eskainiko dau, astero ikasten hurreratzen diran 200 bat nagusi eta txikiren artean. Ondoren, besteak beste, erromeria, talo eta txorizo jana, Ilargi Beltza taldearen berbenea eta nagusientzako play-back lehiaketea izango dira.
Domekan, bagilaren 3an, lehiaketa gastronomikoen eguna izango da. Aurten indaba gorrien, hamaiketakoen eta postre apainduen lehiaketak izango dira. Nobedade moduan, Trapu Zaharra taldeak Etsita kale antzerkia eskainiko dau. Aurten lehenengoz, auzoko abesbatzaren kontzertua domekan izango da, Lur Maitea otxoteagaz batera, 12:45ean Salbador parrokian.
Ganera, astegoienean Funikularreko sarreran ikusgai izango da pasa dan domekan, maiatzaren 27an, III. Fotoguasap Lehiaketan ateratako argazkien bildumearen erakusketea. Aurten, 48 lagunek hartu dabe parte, eta guztira auzoan eskuko telefonoagaz atera eta WhatsAppen bidez 108 argazki aurkeztu ditue.
Múgica eta Butrón kalea zarratuko da zirkulazinorako
Domekan, Mugica eta Butrón kaleko zati bat (Funikular plazatik Huertas de la Villa kalera artekoa) zarratuta egongo da zirkulazinorako, bertan urtero lehiaketa gastronomikoetan parte hartzeko hurreratzen diran gero eta koadrila gehiagorentzat lekua izateko. Antolatzaileek auzokideen babesa eta ulertzea eskatu dabe, sortu daitekezan kalteakaitik parkamena eskatuz.