EHUk jakitera emon dauenez, bihar hasi eta barikura bitartean, unibersidadera sartzeko hautaprobea egingo dabe Batxilergotik datozan 10.447 ikaslek. Horrezaz gan, Lanbide Heziketako 804 ikasle be joango dira azterketara. Igazko datuakaz konparauta, igoera nabarmena egon dala dino unibersidade publikoak, % 5,5 hautagai gehiago dagoz oraingoan.
EHUren hautaprobea hiru kanpusetan egingo dabe, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bizkaikora joango da jente gehien, 5.243 ikasle. Gipuzkoan 3.817 izango dira eta Araban, 1.387. Emakumeak gehiago dira argi eta garbi (5.740 eta 4.707 hurranez hurran). Probea euskeraz egingo dabenak askoz gehiago dira gaztelaniazkoak baino.
Hiru eguneko hautaproba honek fase bi izango ditu: sarbidea (azterketak) eta onarpena. Sarbide fasearen helburua zera da, Batxilergoa amaitzean ikasleek graduko unibersidade-ikasketa ofizialak egiteko moduko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak dituen ala ez neurtzea. Honako bost azterketa izango ditue: Gaztelania eta literaturea; Euskera eta literaturea; Espainiako historia; lehenengo atzerriko hizkuntza; eta Batxilergoko 2. mailako modalidadeko derrigorrezko gaia. Ikasle bakotxak 0 eta 10 bitarteko notea jasoko dau.
Batxilergoko notearen eta fase orokorreko kalifikazinoaren artean (% 60 Batxilergoari jagoko eta % 40 fase orokorrari) 5 puntu edo gehiago lortu ezkero, probea gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak fase orokorrean gitxienez 4 puntu batu baditu.
Nafarroan, ostera, unibersidadera sartzeko azterketak hasita dagoz. 3.104 ikasle dabiz probea egiten, Iruñeko eta Tuterako kanpusetan. Kasu horretan, gehienek gaztelaniazko eredua aukeratu dabe, baina badagoz euskeraz egingo daben 800 ikasle inguru.