Jose Luis Odriozolaren gaztaia, Bilbon irabazle

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2018ko eka. 18a, 12:04
Jose Luis Odriozola eta Xabier Otxandiano (argazkiak: Zazpi Kaleetako Merkatarien Alkartea)

Idiazabal Gaztaien XV. Lehiaketea egin dabe asteburuan Plaza Barrian.

Denporaldiko gaztai lehiaketen artean lehenengoetarikoa da Bilbokoa eta, antolatzaileen arabera, prestigio handienekoa be bai, Ordizia eta Gernikako azokaketakoen atzetik. Aurtengo edizinoan 24 gaztai egon dira lehian eta epaimahaiak Aiako Agerre-buru gaztaitegiko Jose Luis Odriozolaren aleari emon deutso sari nagusia. Xabier Otxandiano Bilboko zinegotziak jantzi deutso txapela irabazleari.

Bigarren saria Gaztiñatxulo gaztaitegiari emon deutsie eta hirugarrena, Araiako Unai Lekuona gaztaigileari. Bizkaiko onenaren saria Eñaut Gallastegik irabazi dau. Mañariako gaztaigilea da bera.

Jose Luis Odriozola aiarrak lehendik be sari garrantzitsuak izan ditu irabazita. Ordiziako lehiaketako saria emon eutsienean, haren gaztai erdia 8.200 euroan saldu eben. Madrilgo Gourmet topaketan bere kategoriako irabazle izan zan, Espainia guztiko ehun gaztai inguru atzean itxita.

Epaimahaiaren arabera, Odriozolaren gaztaiak Idiazabal sor-markearen ezaugarri guztiak beteten ditu, itxuran, testuran, usainean eta saborean. Negu hotza egon dan arren, era honetako gaztaiak ez dira garratzegiak eta hori eskertzekoa da, epaiamahaikoek dinoenez. Gaztai gazteak dira Bilbon aurkeztutakoak, denporaldiaren hasieran gagozalako, baina aroma sendoagoak daukiez.

Bilboko XV. Idiazabal Lehiaketea jatorri izendapenaren erakundeak berak antolatu dau, Artzai Gaztaalkarteagaz eta Zazpi Kaleetako Merkatarien Alkarteagaz batera. Sariketeagaz batera, azokea ipini dabe Plaza Barrian eta bertan izan dira, gaztaigileak ez eze, txakolingileak, sagardaogileak, nekazaritza arloko produktoreak eta abar.