UEMAk, mankomunidadeko kide diran udalakaz alkarlanean, urteak daroaz merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuen sektorean euskerea naturaltasunez erabilteko kanpainak antolatzen eta baliabideak eskaintzen. Aurtengo udarako, baina, ahalegin hori indartzeko beharra dagoala ikusi dabe. Hartara, baliabide ugari sortu ditu, udalakaz alkarlanean, establezimenduek doban erabili deiezen. Horrezaz gan, gutunak bialdu deutsez merkatari eta ostalariei, kanpaina honen barri emoteko.
Udan kaleak bizi-bizi egoten dira eta bisitari gehiago heltzen dira herrietara. Orduan, jatetxeak eta tabernak erakusleiho bihurtzen dira eta hango hizkuntza paisajeak eragina dauka. Horregaitik, garrantzitsua da euskereari lekua egitea eta naturaltasunez erabiltea, UEMAren ustez.
Azkenaldion, kanpaina bat edo beste tarteko, kartelak, menuak, faktura-takoak eta abar atondu ditu UEMAk euskeraz, eta horreek guztiak jarri ditu merkatari eta ostalarien esku, udan hizkuntza paisajea euskalduntzeko lana indartzeko. Sektorekako hiztegitxuak be doban eskuratu leikiez establezimenduetako arduradunek.
Kanpainearen barri emoteko zabaldutako gutunean, baliabide horreek azaltzeaz gan, euskerea balio erantsia dala eta euskeraz behar egitea negozioarentzat errentagarriagoa dala nabarmentzen dau UEMAk, horretarako arrazoi batzuk emonaz:
Zerbitzua bezeroaren hizkuntzan eskaintzea kalidadezko zerbitzua emotea da.
UEMAren parte diran herrietan, jentearen % 70 euskaldunak dira, gazteen artean % 100.
Gure herriko berezko hizkuntzea euskerea da, eta gure irudiaren parte.
Jendeak eskertu egingo dau bertako hizkuntzan berba egitea eta bertako hizkuntzea erakustea prezioetan, karteletan eta abar.
Gizartean gero eta zabalduago dago euskerearen erabilerearen aldeko jarrerea.
Gero eta bisitari gehiago etorten dira gure herrietara. Euskaldunak dira horreetako asko; eta, ganerakoen arteko gehienek be euskerearen presentzia estimatzen dabe.