uriola.eus

Kirmen Uriberen alfabetoak zabaldu dau barriro Arte Eder Museoa

Erabiltzailearen aurpegia   Kultura-aisialdia

31 letra eta beste horrenbeste kontzeptu museoko artelanakaz lotu ditu idazleak.

Irailetik zarratuta egon da Bilboko Arte Eder Museoa, eraikina goitik behera zaharbarritzen ibili dira eta. Obrak amaituta, museo barrituko lehenengo erakusketea Kirmen Uribe idazlearen ABC, Bilboko Museoaren alfabetoa izenekoa da. Bertan, 31 letra (ts, tx, tz eta ll tartean) beste horrenbeste kontzeptugaz lotu ditu, eta bakotxari areto bat emon. Jagokon kontzeptuagaz lotutako obrak dagoz areto bakotxean: Pinturak, kartelak, eskulturak, bideo-artea eta liburu zaharrak, besteak beste.

Esate baterako, B letrearen aretoa Bilbori eskaini deutsie eta uriagaz zerikusia daben obrak aukeratu ditu Uribek. H heriotzea da, D desioa, J Japonia, Z zubia... berba batzuk euskeraz dagoz, beste kasu batzuetan gaztelaniazkoak (adibidez, R retrato), ingelesezkoak (I iron) eta frantsesezkoak (C citoyen) dira. 31 areto diran ezkero, museoaren antxinako eraikin osoa hartzen dau erakusketeak.

Artelanei jagokonez, sasoi eta estilo guztietakoak dagoz. Ekaingo kobazuloko horma-artetik hasi eta gaur egungo autoreen lanetaraino, bertokoak zein atzerrikoak. Murillo, Greco, Gentileschi, Goya, Gauguin, Arteta, Francis Bacon, Oteiza, Ameztoy... goi mailako artisten lanak batu ditu Uribek, gehienak Arte Eder Museoaren beraren bildumakoak, batzuk beste museo batzuek itxitakoak.

Erakusketearen osogarri, liburua be plazaratu dau Bilboko Arte Eder Museoak. Erakusketearen errepaso zabala egiten da bertan, argazkien, ilustrazinoen eta Kirmen Uribek berak idatzitako testuen bidez. Eskuliburu artistiko hori erreferente kulturalez beteta dago eta, ganera, bizipenak eta artisten biografiako pasadizoak tartekatu ditu idazleak.

Biziteari edo begiratzeari buruzko gogoetak be badakarz liburuak, Uribek haikuen itxuran idatzitakoak, erakusketearen alderdi batzuk azpimarratzeko. Esate baterako, Bilboren ikonografiari eskainitakoan, honakoa idatzi dau: Begiratzen dogunean inoz ez dogu gaur egungoa soilik ikusten.

Erakusketea barikuan, hilak 5, zabalduko deutsie publikoari, museo zaharbarritua barriro martxan hasiko dan egunean. 2019ko bagilaren 2ra arte ikusi ahal izango da ABC, Bilboko Museoaren alfabetoa. Museoaren 110. urteurrena ospatzeko ekintzen barruan, zemendiaren 5a baino lehen erakusketea ikusten daben bisitariei doban emongo deutsie gidaliburu artistikoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa