2019ko apirilaren 4tik 14ra egingo dabe 21. Korrika, eta hainbat jakingarri emon ditu AEK-k, Donostian egindako agerraldian. Nafarroako Garesen hasi, eta Arabako uriburu Gasteizen amaituko da euskerearen aldeko lasterketea.
AEK-ren koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikaren esanetan, Korrikak hasierako helburu bikotxari eusten deutso: babes ekonomikoa lortzea eta euskerearen aldekotasuna sustatzea. Euskaltegietara bideratzen diran baliabideak oraindino ez nahikoak dirala esan dau Mugikak, aurrerapausoak izan dirala onartu badau be.
Hiztunen aktibazinoa be gogoan hartu dau Mugikak: Ezinbestekoa da helduen espazioek euskeraz funtzionetea. Erronka globala da hori, eta horretan dabiz hasi barri dan ikasturtean. Euskaraldia be aitatu dau: Zinez sinesten dogu euskaltegietan, berbalagun egitasmoetan, euskerearen planetako langileen artean, milaka eta milaka ahobizi eta belarriprest aterako dirala. Zeregin horretarako, erritmoak azkartzea eta aliantza estrategikoak egitea giltzarriak dirala adierazo dau.
Leloa eta omendua
21. Korrikaren leloa Klika izango da. Asier Amondo Korrikaren arduradunak emon ditu azalpenak: Klika egitea aukera bat hartzea da, euskerearen aukerea hartzea. Guztiz lotuta dago, beraz, Euskaraldiagaz eta ohitura aldaketakaz. Konpromisoak hartzeko garaia dala esan dau Amondok.
Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi zanak be, Klika egin eban bere sasoian, eta jarrera aldaketea bultzatu eban kulturan, euskalgintzan, pentsamenduan, politikan... Horrexegaitik, eta Txillardegik euskera batuaren sorreran izan eban funtsezko papelagaitik, erabagi dabe AEK-k eta Korrikak Txillardegi omentzea 21. edizino honetan.