Casilda Iturrizar Urkijoren biografia plazaratu dabe

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2019ko urt. 29a, 10:31

Bidegileak bildumearen parte da liburu barria.

Bilbao 700 Fundazinoak bultzatutako Bidegileak-Memoria de Bilbao bildumako ale barria aurkeztu dabe udaletxeko Areto Arabiarrean, Casilda Iturrizar Urkijo (1818-1900) ongile eta XIX. mendeko Bilboko pertsonaiari eskainia. Gaur egun, Casilda Iturrizar parkeak eta Epalzaren Alarguna kaleak gogoratzen dabe Iturrizarrek uriari egindako ekarpena.

Jatorri apalekoa zan arren, gizartearen mailetan gora egin eban Iturrizarrek, batez be, Tomas Jose Epalza handikiagaz ezkondu zanean. Senarra hil zanean, haren aberastasunak kudeatu zituan, beharrizan larrian egozan personak gogoan izanda beti.

Hil zanean be, eskuzabal jokatu eban Iturrizarrek. Testamentuan, 1900eko zazpi miloe pezeta laga zituan ongintzazko proiektu askorentzat: Bizkaiko Ume Abandonaduen Alkartea, Erruki Etxea, Ospitale Zibila, misiolariak eta abar. Ganera, diru horren zati bat gazteentzako bekak emotera bideratu eban, eta hari esker neska-mutil ugarik ikasketak egin ahal izan zituen.

Biografia Eduardo J. Alonso Oleak idatzi dau. Aurkezpenean, autoreagaz batera egon dira Bilboko alkate Juan Mari Aburto eta Bilbao 700 Fundazinoko zuzendari Josune Ariztondo. Iturrizar hil eta 119 urtera, haren ondarea ez dala ahaztu nabarmendu dau Ariztondok: Bere ekarpena ezinbestekoa izan zan hezkuntzearen arloan eta, gaur egun, Epaltzaren alargunaren bekak eta Castaños auzoan bere izena daroaan ikastetxe publikoa dagoz.

Bilbogileak sailaren helburua historian arrastoa itxi daben gizon-emakumeen nortasuna eta lana gogora ekartea da. Iragana zorroztasun historikoz baina modu atsegin eta erakargarrian lantzen dabe biografiok. Ideologia guztietako personaiak agertzen dira bilduman, ikuspegi zabal eta integratzailez. Artearen, politikearen, zientziaren eta kulturearen mundukoak dira, bihar-etziko belaunaldien eredu eta erreferente etikoak diranak.