uriola.eus

Kepa Junkera Gurutzetako ospitalera ekarri dabe

Erabiltzailearen aurpegia   Jendartea

Senideek dinoe hobeto dagoala, baina errekuperazino luzea egin beharko dauela.

Kepa Junkera etxetik hurrago dago orain, Ganteko ospitaletik Gurutzetakora ekarri dabe eta. Belgikara kontzertu batzuk emoten joan zanean iktusa izan eban musikari bilbotarrak, abendu hasieran, eta harrezkero hango ospitale baten egon da. Preminazko ebakuntzea be egin eutsien.

Iktusa izan ebanetik, Junkeraren osasun egoerearen inguruko datu askorik ez dau zabaldu familiak. Jazoera larria dan arren, badirudi hobera egin dauela nabarmen. Izan be, familiak orain dala egun batzuk azaldu eban musikaria itzarrik egoala eta gero eta hobeto. Aldi berean, ohartarazo eben errekuperazinoa luzea izango dala.

Orain, ganera, Gurutzetako ospitalera ekarri ahal izan dabe, Belgikatik hona bidaia luzea dagoan arren. Barakaldon geratuko da denporaldi batez, suspertze prozesuan sakontzeko. Ondoren, iturri batzuen arabera, Aita Menni zentrora eroango dabe, era horretako gaixotasunetan berezituta dago eta. Kasu horretan, neuroerrehabilitazino gunean sartuko leukie, iktusa gainditzeko terapiak emoteko.

Maletak proiektuaren bireagaitik egoan Kepa Junkera Ganten abenduaren hasieran. Sorginak taldea be oholtzara igotekoa zan bilbotarragaz batera. Izegem herriko emonaldia bertan behera itxi behar izan eben, Junkerak buruko mina eukalako, eta handik gitxira eroan eben ospitalera, iktusa eukala ikusi eta berehala. Ebakuntzea ondo joan zanez, errekuperazinoa be bide onetik doa, baina oraindino luzerako dauka.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa