Arabako uriburu osoa zeharkatu ondoren, Dato kaletik sartuko da karabana koloretsua plazan. Amaiera ekitaldia bertan izango da; eta segiduan, hurreratutakoei helduko jake jaian sartzeko ordua.
Hilaren 14ko amaiera-egun handia aurkezteko egin dabe prentsa-agerraldia gaur Gasteizen eta nabarmendu nahi izan dabe Gasteiz eta Araba osoa euskerearen hazkundearen eredu dirala eta 16. Korrika uri horretan amaitu zala gogora ekarriz, onartu dabe eurentzako sekulako pizgarria dala 21. edizinoan barriro be bertan amaitzea.
Amaiera ekitaldia Andre Mari Zuriaren plazako balkoian izango da. Lekukoa 12:30erako helduko dala aurreikusita dago. Momentu horretan, lekukoaren barruan doan mezu sekretuaren idazlea nor dan jakingo dogu, eta jakina, mezuaren beraren edukia be.
Bestalde, azken eguneko arduradunak, Ilune Basterrak, azaldu dau Gasteizeko jairako dana prest dagoala, eta egun osokoa izango dala, jai handia eta barritzailea auzolanean atondua; erdigunean sakabanatuta, publiko desbardinei begirakoa, egitarauan gasteiztar eta arabarren parte hartzea lehenetsia, emakumeen parte hartzea bermatua.
AEKk eta euskal eragileek Bilbotik abiatzen diren autubusak jarri dabez bukaera jaian parte hartzeko asmoarekin. Adibidez, Deustuko Berbaizu Euskara Elkartean erosi daitezke tiketak 10 eurotan.