Ilustratzaileen topaleku da BilbaoArte egunotan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2019ko api. 24a, 11:38

Barikura arte egingo ditue VI. Ikastaro Politak jardunaldiak.

Pazko Astean ilustrazinoa aztertuko dabe BilbaoArtek Urazurrutia kalean daukan egoitzan. Bonito argitaletxeak antolatzen dituan Ikastaro Politak jardunaldien seigarren edizinoa martxan dago gaurtik hilaren 26ra arte. Ikastaro trinko bi eta berbaldi edegi bi antolatu ditue oraingo honetan.

Eguenean eta barikuan, nazinoartean ezagunak diran marrazkigile bik emongo ditue berbaldiak. Eguenean, 19:30ean, Pablo Amargoren txandea izango da, eta, hurrengo egunean, ordu berean, Mayumi Oterorena. Azken honi Icinori alkarteko Raphael Unwillerrek lagunduko deutso.

Prentsan eta aldizkarietan ilustrazino ugari argitaratu ditu Pablo Amargok: The New York Times, The New Yorker, Jot Down Magazine, National Geographic... liburu azalak, horma-irudiak eta liburuetarako ilustrazinoak be sortzen ditu. Sari garrantzitsuak irabazi ditu, besteak beste, Espainiako Sari Nazionala 2004an, Premio Lazarillo 1999an, Bratislavako Bienaleko Golden Plaque eta New York Society of Illustrationsen Silver Medal 2015ean.

Atelier Icinori Mayumi Otero eta Rafael Urwiller artista bisualen argitaletxe esperimentala da; ilustrazinoa, diseinu grafikoa eta edizino proiektuak garatzen, erakusketak atontzen eta irakaskuntzako lanetan ibilten dira. Le Monde, New York Times, Wired, Les Inrocks, La Vie, la Réunion des Musées Nationaux, Forbes, XXI, Le Tigre, Dada, Canal +, Wired, Pompidou Metz eta Conseil de l’Europegaz lan egin izan dabe.

Berbaldiez gan, ikastaro trinkoak be Pablo Amargoren eta Icinori tailerrekoen esku dagoz, gaur hasita. Marrazkilariaren testuinguru profesionala lantzen dabil Amargo, eta esperimentazino grafikoaren bidez liburuak zelan ilustrau da Mayumi Oteroren gaia.