uriola.eus

Elhuyar Zientzia Azokako ikertzaile gazteek Bilboko Plaza Barria bete dabe aurten be

Erabiltzailearen aurpegia   Kultura-aisialdia

90 proiektu aurkeztu ditue Euskal Herriko 308 gaztek.

Aurreikusita zegoen moduan, eguerdiko 12:00etan emon jako hasierea Elhuyar Zientzia Azokeari. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Maite Alonso Arana, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak, Lucia Torrealday Berrueco Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Barriztatzeko zuzendariak eta Leire Cancio Orueta Elhuyarreko zuzendari nagusiak Elhuyar Zientzia Azoka 2019 feria zientifikoa inaugurau dabe, ekimena laguntzen daben euskal zientzia eta teknologia-sareko eragileakaz batera.

Elhuyarrek antolatutako Zientzia Azokea 12-18 urteko ikasleek egindako proiektu zientifikoen azokea da; helburua, barriz, gazteen artean zientziarako zaletasuna suspertzea eta kultura zientifikoa bultzatzea eta zabaltzea. Ikasleek ikasturtean egindako proiektu zientifiko eta teknologikoak (90 proiektu) aurkeztu ditue jentaurrean.

Azpimarratzekoa da ikertzaileen parte hartzea eta konpromisoa; unibersidade eta zentro teknologikoetako 280 ikertzailek emon eben izena ikasturte-hasieran ikasleakaz lan egiteko. Horrezaz gan, azpimarratzekoa da ikertzaileen eremu profesionalaren presentzia azokan bertan; holan, unibersidadeetako proiektuak erakusteko ikertzaileak egon dira plazan, horretarako atondutako eremuan. Ondoko proiektuak egon dira ikusgai:

- UPV/EHUko proiektuak:

o Formula Student Bizkaia. Lehiaketako monoplaza autoa eta haren elementu mekanikoak.

o Moto Student. Lehiaketako motorra eta haren elementu eta ezaugarri mekanikoak.

o Elikagaietan glutena detektatzeko tailerra.

- Deustuko unibersidadteko proiektuak:

o Injinerutza-proiektuak: fabrikazino digital aurreratua, objektu adimendunen diseinua eta mekanikea, hondakinen kudeaketea eta eraginkortasun energetikoa.

o Alkarreragin sozialari buruz literatura klasikoagaz eta teknologiagaz ikasi eta gozetako gunea.

o Garuna ezagutzeko gune bat.

o Errealidade birtuala eta eten digitala 3.0: prebentzinoa eta parte-hartzea.

o Lurralde-lehiakortasunaren behatokia.

- Bele. Euskal Lutheria Eskolea

o Arku-musika tresnagintzea. Artisautzea, soinua eta zientzia.


- Bizkaia Talent

o Basque Talent Observatory: goi-mailako euskal lan-merkatuko analisia ikusteko erreminta digitala, Bizkaia Talent-eko plataforman erregistrauta dagoan edozeinek ikusteko.

o Kids&Skills erremintea: 7 zeharkako konpetentzia neurtzeko jolas-erremintea (11 urteko umeentzat zuzenduta eta beti be euren hezkuntza-zentroagaz batera).


2018ko Azokea

• 30 ikastetxetako 90 proiektu aurkeztu ditue 308 gaztek: neskak 188, eta mutilak 120

• Bartzelonako Exporecerca Jove, Galiziako Galiciencia eta Open Science, eta Portugaleko Mostra Nacional de Ciencia zientzia-azoketan irabazle izan diran 5 talde be etorri dira.

• DBHko 73 talde eta Batxilergoko 17 talde izan dira.

• Bizkaiako 69 talde, Gipuzkoako 11 talde, Nafarroako 7 talde, Arabako 3 talde, eskolaz kanpoko 6 talde, eta estaduko beste azoketako 5 talde be izan dira.

Euskal Herriko Zientzia eta Teknologia Sarearen alkarlana aitatu eta azpimarratu behar da urtean zehar egiten dabelako lan; holan, Ikerbasqueko, UPV/EHUko, Nafarroako Unibersidade Publikoko, Mondragon Unibersidadeko, Deustuko Unibersidateko, Udako Unibersidadeko (UEU) eta Digipen Teknologia Institutuko ikertzaileen laguntzinoa jaso dabe gazteek euren lana egiteko. 

Elhuyarrek antolatutako Zientzia Azokea ekimenak Bilboko Udalaren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bizkaia Talent-en, FECYT-en, BBKren, Euskaltel Konekta Fundazinoaren eta Erabiren laguntzinoa jasoten dau.

Laguntzaile izan dira Nafarroako Zientziaren Lagunen Kluba eta Casco Viejo Merkatarien Alkartea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa