Egun gitxi geratzen dira 2019ko Ibilaldirako, eta antolatzaileek detaile guztien barri emon dabe. Jose de la Torre Ibilaldiko dinamizatzailearen esanetan, ibilbide laburra atondu dabe domekarako, 2,5 kilometrokoa eta joan-etorrikoa. Ibilbide urbanoa izango da, baina naturatik hur, eta ia denpora guztian itsasoari begira.
Lau gune ipiniko ditue, Haratzago leloa oinarri: HA gunea Azkue Ikastolan egongo da; RA guneak portuko, plazako eta parkeko eremua hartuko dau; TZA, ostera, Eiguren egur sekaderoan ipiniko dabe; azkenik, GO gunea Santa Katalinako Faroan egongo da. Era horretara, alderik alde zeharkatuko dabe bisitariek herria, Lekeitioko gune esanguratsuenak eta ondare historikoa ikusiaz batera.
Egitarauari jagokonez, era askotako jarduera ugari izango dira gune guztietan, eta Lekeitio eta inguruko sortzaileei lekua berezia egingo deutsie. HA gunean Lekeitioko Bandeak joko dau, eta kiroldegiko ikasleek jantzan egingo dabe. Ez Da Kasualitatea bertso-ikuskizunaren ondoren, Aiko Taldearen emonaldia egongo da.
RA guneak izango dau jarduera gehien: Jolasak, tailerrak, eskaladea, jantzea, Kaleka jaialdiaren ikuskizuna, erakusketak, erromeria... TZA gunean, Herri Kirolak eta Disko Festa egongo dira lehenik, ondoren kontzertuak, Izaki Gardenak, Nabil, eta Nogenen eskutik. GO gunean, Batukada eta Esne Beltzaren kontzertua egongo dira, besteak beste.
Antolatzaileek garbitasunaren eta jasangarritasunaren aldeko apustua egingo dabe Ibilaldiaren egunean, urte osoan Azkue Ikastolan landu dabena biribiltzeko. Hori dala eta, plastiko gitxiago erabiliko dabe, eta ur botilarik ez da egongo salgai. Horren ordez, edalontzian emongo dabe ura txosnetan. Jai parekide eta seguruak bermatzeko, bestetik, puntu moreak ipiniko ditue gune guztietan, eta erasoei aurre egiteko protokoloa diseinau dabe.
Ikastolearen aldaketak erakutsi nahi doguz domekan, zergaitik aldatzen gabizan eta zertarako, azaldu dau Ainara Ikaran Azkueko lehendakariak. Haratzago leloak ez dau urrunago esan nahi, sakonago baino, gure zuztarrak eta jatorria kontuan hartu behar doguz. 1964an sortu eben ikastolea guraso gitxi batzuen artean, eta urterik urte hazten joan da proiektua, ehundazak neska-mutil hartzen dituan zentro modernoa bihurtu arte.
Ibilaldia euskal kulturearen aniztasunaren lagina izango dala uste dau Ikaranek. Izan be, ikastolek eta beste ikastetxeek gero eta gizarte anitzago bati aurre egin behar deutsie. Ume etorkin heldu barriak ikasturtearen erdian etorten jakez sarri, eta hori hezkuntzarako eta integrazinorako arazoa dala dino Koldo Tellitu Ikastolen Alkarteko lehendakariak.
Gazteen artean gero eta euskera gitxiago eta kalidade txarragokoa egiten dala igarri dabe ikastoletako arduradunek, eta horri euskeraz ez dakien etorkinak gehitu behar jakoz. Horrek ekarri leiken segregazinoa baztertu eta plangintza egokien bidez integrazinorako tresnak eskaini behar dirala uste dau Tellituk, eta euskerea kontuan hartu behar dala: euskerea eta euskal kulturea segregazinoari aurre egiteko garrantzitsuak dira. Etorkizunak dakarrena ez dau mehatxutzat ikusten, erronkatzat baino.