uriola.eus

Maite Sarasola eta Tronperrieta irabazle Abadiñon

Erabiltzailearen aurpegia   Kultura-aisialdia

Bizkaiko bertsolaritzearen jai handian, taldekako eta eskolarteko finalak jokatu ziran.

Maite Sarasola eta Tronperrieta irabazle Abadiñon
Argazkiak: Bizkaiko Bertsozale Elkartea | Ikusi handiago | Argazki originala

Goizean goizetik arratsaldera bitarteko jaia antolatu eban zapatuan Bizkaiko Bertsozale Alkarteak Abadiñon. Batetik, Eskolarteko finalak jokatu ziran goizean, idatzizko zein bat-bateko modalidadeetan. Bestetik, taldekako txapelketearen azken saioa egin eben arratsaldean.

Abadiñoko probalekuan ibili ziran jo eta su 200 bat gazte, antolatzaileek emondako gaiei bertsoak jarten. Lehen Hezkuntzako 5. mailatik batxilergora bitarteko parte-hartzaileak egon ziran idatzizko finalean, eta maila bakotxean hiru saridun aukeratu zituen epaileek, DBHko azken kurso bietan eta Batxilergoan izan ezik, horreek danak batera kategoria bakarrean batu zituen eta.

Kontuak kontu, idatzizko saridunak honeek izan ziran:

LH 5: Naroa Aranburu, Oier Zuazo, Malen Ferrero.

LH 6: Maddi Elortza, Amets Alvarez, Kelmene Abaitua.

DBH 1: Anitz Arronategi, Prianca Taranco, Arai Etxebarria.

DBH 2: June Diaz, Ixone Asategi, Andrea Bañuelos.

DBH 3/4 eta Batxilergoa: Izaro Mazo, Izaro Bilbao, Ismael Aomar.

Bat-bateko finalean, zortzi finalistak kantau eben Abadiñon. Aurtengo edizinoan, Bizkaiko 38 gaztek hartu dabe parte txapelketan, eta, lau kanporaketaren ostean, onenak heldu ziran finalera. Zortziko handian eta txikian ofiziotan egin eben, eta ostean, bakarka gaiari erantzun. Ariketa horreek amaituta, Maite Sarasola eta Bittor Altube pasau ziran buruz-burukora. Puntuari erantzun eta gai bati bertso bana bota behar izan eutsien atal horretan.

Maite Sarasolak irabazi eban, eta Altube bigarren lekuagaz konformau zan. Juan Mari Areitiok jantzi eutsan txapela Sarasolari. Ganera, bai Sarasolak eta bai Bittor Altubek bagilaren 8ko Euskal Herriko finalean kantetako txartela eskuratu dabe. Saran izango da saioa.

Taldekakoan, Durangaldekoak

Bazkalostean, azken asteotan martxan egon dan beste txapelketa baten azken saioa egiteko unea heldu zan Abadiñon. Kasu honetan, helduek hartu eben oholtzea, Taldekako Txapelketako finalean.

Hiru talde egon ziran Abadiñoko hitzorduan: Koipelustre's, Miotako Bidelapurrak eta Tronperrieta. Azken honeek jantzi eben txapela, era guztietako ariketak egin ostean. Umoreari eta sormenari leku zabala egin eutsien hiru taldeek.

Iurreta eta Durangokoak dira Tronperrieta taldeko kideak. Abadiñon, euretako hiru ibili ziran bertsoak kantetan: Ander Sarriugarte, Eneko Abasolo Abarkas eta Gorka Pagonabarraga. Aitatu beharra dago, aurtengo edizinoan Bizkai osoko 21 taldek emon ebela izena, baina hiru finalistak Durangaldekoak izan ziran, Abadiño (Koipelustre's), Elorrio (Miotako Bidelapurrak) eta Iurreta-Durangokoak (Tronperrieta) hain zuzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa