uriola.eus

XV. Euskal Jaia, auzoko belaunaldi guztientzako nahitaezko hitzordua

Erabiltzailearen aurpegia   Jaiak

Bilboko Kastañoseko Euskal Jaia ospatuko da Funikularreko plazan eta ondoko kaleetan, bagilaren lehenengo astegoienean, Salbatzaile Jantza Taldeak antolatuta. XV. edizinoa jarduerez beteta dator, horreetako asko musikeagaz eta jantzakaz lotutakoak.

Jaiak maiatzaren 31n, 19:30ean, hasiko dira era ofizialean, pregoia irakurrita. Aurtengo barritasunen artean izango dira Antzerki-Zirko-Jantza ikuskizuna, DJ-ak domeka eguerdian, eta emakume gazte talde batek lehenengo aldiz djantzan egingo dauela Jantzari jantzea (normalean mutilek dbaino ez dabe jantzan egiten), zapatu arratsaldean. Euskerea eta jai egunetan auzokideek parte hartzea dira Salbatzaile Jantza Taldearen helburuak, beste urte batez Euskal Jaia antolatzeaz arduratuta, auzoko talde eta koadrilen eta ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduen laguntzinoagaz. Pregoia irakurri aurretik, maiatzaren 30ean, giroa berotzen hasiko da, Garazi & CIA: Erraia Antzerki-Zirko-Jantza ikuskizunagaz (Udalaren eskutik).

Amaitutakoan, Kastaños Kantari taldeak auzokoak gonbidauko ditu euskal kantuak abestera, eta gauza berbera egingo dau hurrengo egunean, maiatzaren 31n, 19:30ean, auzoko talde batek irakurriko dauen pregoiaren ondoren. Orkestra Elektrotxarangeak kaleak girotuko ditu arratsaldean, eta 22:00etan L.E.T. Hotzak taldearen urteroko kontzertua izango da plazan. Zapatuan, bagileko lehenengo eguna txistularien kalejireagaz izartuko da. Goizeko egitarauan umeentzako tailerrak, Kastañosko Tribial Handia lehiaketea, Trikibandie eta Igel Txapelketea izango dira. Arratsaldeko 18:00etan, Salbatzaile Jantza Taldearen emonaldia ohiko Jantzari djantzeagaz hasiko da, oraingoan mutilek eta neskek osotutako hainbat taldegaz, lehenengo aldiz, taldeko 17 neskek be jantzan egingo dabelako. Urtero legez, Euskal Herriko jantzen erakustaldia izango da, astero ikasten hurreratzen diran 200 bat nagusi eta txiki tartean izango diralarik. Hori egitarauko ekitaldirik nabarmenetako eta hunkigarrienetako bat da.

Ondoren, besteak beste, Lagundi eta Otxote Bilbao Argia abesbatzen kontzertua, erromeria, talo eta txorizo jana, Ilargi Beltza taldearen berbenea eta nagusientzako play-back lehiaketea izango dira. Lehiaketa gastronomikoak (oraingoan paellea, hamaiketakoak eta postre apainduak) izango dira bagilaren 2ko protagonistak. Eguerdian 1y1 Circo taldeak Clown eta malabarrak eskainiko ditu eta musikea be egongo da David Landeta eta Borja Mosk DJ-ekaz. Mitxelegaz familientzako berbena batek amaierea jarriko deutso 2019ko jai egitarauari. Kontuak kontu, Múgica y Butrón kaleko zati bat (Funikular plazatik Huertas de la Villa kalera artekoa) zarratu egingo da zirkulazinorako, bertan urtez urte lehiaketa gastronomikoetan parte hartzen hurreratzen diran gero eta koadrila gehiagorentzat lekua izateko. Antolatzaileek auzokideei laguntzinoa, ulertzea eta parkamena eskatu deutsee.

Auzokideei kale zati horretan zapatuan autoa, mesedez, ez ixteko eskatu jake, hurrengo egunean leku hori libre egon daiten. Gainera, asteburuan Funikularreko sarreran ikusgai izango da maiatzaren 26an, IV. Fotoguasap lehiaketan ateratako 20 argazkien bilduma baten erakusketea. Aurten, 49 lagunek hartu dabe parte, eta guztira auzoan eskuko telefonoagaz atera eta WhatsAppen bidez 100 argazki baino gehiago aurkeztu ditue lehiaketan. Oso zabaldua dagoan lehiaketea dagoeneko jaien aurreko ezinbesteko hitzordu bihurtu da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa