Luis de Pablok Bilboren historian oinarritutako konposizinoa estreinauko dau

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2019ko eka. 17a, 11:14
Faxisten tropak Bilbon sartzen, 1937ko bagilean (argazkia: Sabino Arana Fundazinoa)

Faxistak urian sartu ziraneko 80. urteurrena gogoratzeko piezea hilaren 26an helduko da Arriagara.

Historia, memoria eta musikea buztartzen dituan proiektua agindu eutsan Bilboko Udalak Luis de Pablo konpositore entzutetsuari 2017an: urte haretan Bilbo faxisten esku geratu zanetik 80 urte bete ziranez, jazoera haretan oinarritutako konposizino musikala sortzea. Enkargua beteta, bagilaren 26an estreinauko dabe, Arriaga Antzokian.

Bilboren erortzea izenburupean, obra horrek gerrearen kalteak salatzen ditu, gerrearen zentzubakotasunari ezetz esateko. Itxaropena be aldarrikatzen dau. Orkestra, biolontxelo, bakarlari eta abesbatzarako kantatea da. Kontzertua biolontxelo bakarsaio bategaz hasiko da, frontera joan behar dauen soldaduaren azaletik; ondoren datoz San Mateoren Ebanjelioko bakezaleen aldeko gorespenak, koruak abestuta.

Kontzertuan, Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Koralak hartuko dabe parte. Bakarlarien artean, Miren Urbieta, Marifé Nogales, Mikeldi Atxanlandabaso eta Fernando Latorreren ahotsak aitatu leitekez, baita Asier Polo bilbotarraren txeloa be. Artista guztiak zuzentzen José Rafael Pascual-Vilaplana ibiliko da.

Saio bakarra egongo da, hilaren 26an, arratsaldeko 19:30ean. Sarrerak salgai dagoz, ohiko lekuetan, 8,50 eta 28 euro bitartean. Beherapenak egongo dira Arriagako Lagunentzat, eta BOSeko, Koraleko eta Bilbao Musikako kideentzat.