Kike Amonarriz da Topaguneko lehendakari barria

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2019ko ira. 30a, 10:44

Argazkia: Topagunea

Elena Lakaren lekua hartu dau tolosarrak.

Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean egindako ezohiko batzarrean, Elena Lakak lekukoa pasau deutso Kike Amonarrizi. Bost urte egin ditu Lakak Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari, eta kargua ixteko momentua heldu dala pentsau dau. Hortaz, aurrerantzean, postu hori Kike Amonarrizen esku egongo da, bazkideek aho batez holan erabagita.

Topagunea ez da erakunde arrotza Amonarrizentzat, bertako kide aspalditik da eta. Erakundearen sorreran be hartu eban parte. Tolosaldeko Galtzaundi euskera-alkarteko lehendakari be badanez, kargu biak buztartuko ditu aurrerantzean.

Euskaltzaleei eskerrak emon deutsez Amonarrizek, beragan jarritako konfiantzeagaitik. Topaguneak 22 urteko historian izandako lehendakari guztiak gogoan hartu ditu: Fernando Muniozguren, Joxemari Muxika, Karmen Irizar, Mikel Irizar eta Elena Laka. Aurrekoen lanari eusteko konpromisoa agertu dau Amonarrizek.

Bost helburu jarri ditu lehendakari barriak hurrengo urteetarako:

1.- Euskaltzaleen mogimendua salto barri bat egiteko preparetea, kide diran alkarteak indartu eta barriak sortzea bultzatu.

2.- Euskerea bizitza sozio-politikoaren erdian ipinteko akordioak sustatzea.

3.- Euskaraldiaren hurrengo edizinoetan, ekimena alor gehiagotara zabaltzea.

4.- Erabilerea bultzatzea, batez be lan munduan eta astialdian eraginez.

5.- Euskalgintzea indartzea eta adostasun sozio-politikoak bultzatzea.

Elena Lakaren agurra

Bost urtean izan dauen kargua ixteko momentuan, Elena Laka orain arteko lehendakariak esker onez agurtu ditu bidelagun izan dituan zuzendaritzako kideak, beharginak eta boluntarioak. 2014tik hona Euskaltzaleen Topagunea hazteaz batera euskaltzaleen mobimendua be hazi eta zabaldu dala uste dau Lakak. Euskalgintzako sektore guztiakaz eta erakundeakaz alkarlana lantzeko egin dan apustua azpimarratu dau.

Erabileran lan handia dagoala egiteko onartu dauen arren, urteotan egindako urratsak nabarmenak izan dirala aitatu dau Lakak: hizkuntza aniztasunaren inguruan egindakoak, lekuan lekuko komunikabideen garapena Tokikomen eskutik, astialdiaren arloko aurrerapausuak, baita euskerea praktiketako aukera jentetsua be, Berbalagun proiektuaren bitartez.