uriola.eus

Zinexit Topaketak, martitzenetik barikura

Erabiltzailearen aurpegia   Kultura-aisialdia

Alkarbizitzearen gaia jorratzen daben lau film emongo ditue Bilboko Azkuna Zentroan.

Zinexit Topaketak, martitzenetik barikura
Zinexit Topaketen aurkezpena | Ikusi handiago | Argazki originala

Gasteizen 1976ko martiaren 3an izandako istiluak eta poliziak egun haretan hildako bost beharginak ardatz dituan Vitoria 3 de marzo pelikuleak zabalduko dau Zinexit Topaketak zikloa, bihar, martitzena, hilak 8. Barikura bitartean, lau film proiektauko ditue Azkuna Zentroko Golem zinema-aretoan, doban. Ekimenak hamar urte bete dituanez, aurtengo egitarauan igaz baino film gehiago dagoz.

Víctor Cabacok zuzendu dau Vitoria 3 de marzo, eta aktore nagusiak Amaia Aberasturi, Ruth Díaz, José Manuel Seda, Alberto Berzal, Mikel Iglesias eta Iñaki Ricarte dira. Saioa 19:30ean hasiko da, eta proiekzinoaren ostean barriketaldia egingo dabe. Pelikulako lantaldeko kide batzuek eta Martiaren 3ko Biktimen Alkarteko ordezkariek hartuko dabe parte.

Vitoria 3 de marzo-ren ondoren, eguaztenean What have we done to deserve this? film austriarra emongo dabe; eguenean, Balkanetako hainbat herrialderen arteko koprodukzinoa dan Stitches; azkenik, barikuan, Slam, Frantzia eta Australiaren arteko ahaleginetik sortua.

Egitaraua eta informazino osogarria hemen.

Duintasunaren eta funtsezko eskubideen inguruan eregitako bizikidetzea bultzatzea da zikloaren helburua. Hain zuzen be, zinemea hezkuntzarako eta gizarteratzerako tresnea dala nabarmendu dabe Zinexit Topaketen antolatzaileek. Desbardintasunak errespetauta, euskal gizartean pakearen kulturea zabaldu nahi dabe. 

Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzeak urtero antolatzen dauen Zinexit Erakusketearen aurretik dator, beraz, Zinexit Topaketak. Erakusketea zemendiaren 25etik 29ra izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa