Arriaga Antzokian, aurten be, beste behin, irakurraldi edegia izango da, indarkeria matxistearen kontrako gaitzespen aho batezkoa adierazoteko; datorren astelehenean izango da, zemendiaren 25ean, 11:30etik 13:00etara, Arriagan.
Bilboko Udalak dei berezia egiten dau herritarrek parte hartu deien: nahikoa da mezu elektroniko bat bialtzea, zemendiaren 22a baino lehen, norberaren izen-deiturak eta telefono-zenbakia adierazoz, helbide honetara: bilbaoberdintasuna@gmail.com.
Udaletxeko balkoian puntu more handi bat egongo da ipinita, eta Udaletxea argiztatuta egongo da gauez; horreek dira Bilboko Udalak erabiliko dituan keinuetako batzuk, Bilboko urian indarkeria matxistea gaitzesten dala adierazoteko.
Irakurraldi edegia eta parte-hartzailea izango da, indarkeria matxistearen aho batezko gaitzespenaren erakusgarri, eta zenbat eta persona gehiagok parte hartu, hobeto.
Uriko beste eraikuntza ospetsu batzuen fatxadetan be ezarri da aldarrikapen-ikur hori, berbarako, Arriaga Antzokian, barrutietako udaltegietan edo Turismo bulegoan.
Joan dan zemendiaren 15ean, zemendiaren 25eko Emakumeakanako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna baino 10 egun lehenago, 74 lagunek parte hartu eben· Egia, justizia eta erreparazinoa: indarkeria matxistatik bizirik urten dabenak izeneko aldez aurreko formazino-jardunaldian; han, indarkeriatik bizirik urten dabenei erreparazinoa emoteko printzipioa jorratu zan, bai arlo judizialaren ikuspegitik, bai tokiko politiken ikuspegitik.
Goizeko 11:30ean, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, hasierea emongo deutso irakurraldiari, eta zinegotziek be, gizon nahiz emakume, eta Bilboko jendartearen, erakundeen eta emakume alkarteen ordezkariek be berbea hartuko dabe. Udalak bene-benetan nahi dau zemendiaren 25a izan daitela urian urte osoan zehar egiten diran jardunaldien artean parte hartzerik handienetakoa dauena, eta dei berezia egiten deutse bilbotarrei parte hartu deien irakurraldian.
Duda barik, herritarrek keinu propioak be izango ditue emakumeakanako indarkeriaren kontra, jaka eta berokietan ohiko txapa moreak ipinita. Ikur horreek doban hartu daitekez Barrutietako Udaltegietan, ikastetxeetan, osasun-etxeetan, alkarteetan, liburutegietan, kiroldegietan, udal eraikuntzetan eta unibersidadeetan.
Azkenik, aste honetan zehar, prebentzino, arreta eta sentikortze arlo estrategiko batzuen eta besteen barri dago zabaltzen sare sozialen bidez, herritarrek gogora deiezan udal programa nagusiak.