uriola.eus

La Musgaña konbidau dabe Bilboko Txistulariek urteko lehen kontzerturako

Erabiltzailearen aurpegia   Kultura-aisialdia

Eguaztenean, hilaren 8an, izango da kontzertua, Euskalduna Jauregian.

Bilboko Udal Txistulari Bandeak 2020ko lehenengo kontzertua emongo dau asteon, denporaldi honetako egitaraua segitzeko. Hitzordu berezia izango da eguaztenekoa, kanpoko talde bat konbidauko dabelako, Gaztela-Leongo La Musgaña hirukotea hain zuzen. Eskualde haretako musika tradizionalaren interpretazino barritzailea egiten dabe, eta oraintsu kaleratutako Raitán diskoa aurkeztuko dabe Bilbon.

Carlos Beceiro, Luis Antonio Pedraza eta Jaime Muñoz dira La Musgañako kideak. Taldeak 30 urte daroaz martxan, baina sasoian sasoiko beharretara egokitzeko ahalegina egin dau beti. Esate baterako, Luis Antonio Pedraza musikari zamorar gaztea lehenengoz dabil La Musgañagaz, Raitán proiektuan. Hain zuzen be, Zamora eta inguruko doinuak batu ditue disko barrian, Sáyago, Aliste, La Raya eta abarrekoak.

Kontzertua eguaztenean, urtarrilak 8, izango da, Euskalduna Jauregiko 0D aretoan, 19:30ean. Sarrerak salgai dagoz Euskaldunako txarteldegietan eta webgunean, euro bian. Kutxabanken zerbitzu ugaritako kutxazainetan be erosi leitekez.

Emonaldi honen ostean, denporaldiko hurrengo hitzordua urtarrilaren 22an izango da. Bilboko Udal Txistulari Bandeak musikea eta jantzea buztartuko ditu, Andoni Aresti jantza eskolako kideakaz eta Nagore de las Cuevas eta Arkaitz Pascuas jantzariakaz alkarlanean antolatutako ikuskizun berezian.

Bilboko Udal Txistulari Bandako kideak Garikoitz Mendizabal, Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier Garcia dira, danak goi mailako eta eskarmentu luzeko musikariak. Euskalduna Jauregiko denporaldiagaz batera, uriko ekitaldi eta jazoera garrantzitsuetan joten dau Bandeak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa