V. Zinecitta Bilbon, oraintsuko hiru film jatorrizko bersinoan eskainiz

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2020ko urt. 29a, 16:56

Helburua da italiar zinema garaikidea gure ingurunean zabaltzea eta ezagutarazotea.

Bilbok, Euskaditaliak - Italiako Kultureari buruzko Zentro Ofizialak antolatutako Zinecittà zinema italiar garaikide zikloaren bosgarren edizinoa jasoko dau datorren astean, zezeilaren 6an, 7an eta 8an. Ekimenak Zinebi – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiaren laguntzinoa dau. Saioak Kale Nagusiko BBK Aretoan izango dira, eta sarrerek euro bi balioko dabe.

Edizino honek Beste leku batean gaia dau ardatz, eta personek leku batzuetatik besteetara egiten dituen mobimentuak Italiako egungo gizartean eragindako aldaketei buruzko hausnarketea izan gura dau: migrazinoak, despopulazinoa, migratzaileen harrerea eta itzulerea. Danak be, miloeka gizaki, euren borondatez edo nahi barik, euren sustraiak dagozan lekuetatik kanpo bizitera eroaten dituen giza izakerearen alderdiak.

Programazinoa hilaren 6an hasiko da, Gianfranco Rosi zuzendariaren Fuocoammare (2016) film dokumentalaren proiekzinoagaz. Mundu osoko jaialdietatik igaro ondoren, azken 20 urteetan Italiako Lampedusa ugartea erdigune izandako itsas migrazinoak jorratzen dituan film interesgarri hau aurkeztuko dau Bilbon. Barikuan, hilaren 7an, Simone Godanoren Moglie e marito (2017) komedia izango da ikusgai. Biak jatorrizko bersinoan eskainiko dira, gaztelaniazko azpi-tituluakaz, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Kale Nagusiko BBK Aretoan.

Zezeilaren 8ko saioa arratsaldeko 19:30ean hasiko da Zinecittà Express lehiaketan parte hartuko daben film laburren aurkezpenagaz. Lehiaketa horren bitartez, bilbotarren eta Bilbon bizi dan komunidade italiarraren arteko begiradak trukatzea sustatu gura da. Ondoren, Matera 2019 Europako Kultur Uriburua programeak finantziau dauen, Italia hegoaldeko landa-eremuetako despopulazino-prozesuari buruzko Vado verso dove vengo emongo da. Proiekzinoaren amaieran, barriketaldia izango da ikus-entzule, Nicola Ragone zuzendaria eta Luigi Vitelli gidoilariagaz batera.

Zinebi-ren lankidetzea dauen zikloa, Bilbon eta Euskadin parekorik ez dauen hitzordua da eta helburua, zinema italiar garaikidea gure ingurunean zabaltzea eta ezagutarazotea. Horrezaz gan, egungo gizarte italiarra ezagutzeko eta kultura bien arteko ezagutza hobetzeko ekimen parebakoa da.