uriola.eus

Irati Diez: 'Auzoari eta Bilbori hemen gagozala esatea garrantzitsua da'

Erabiltzailearen aurpegia   Kultura-aisialdia

Solokoetxeko eskilara historikoetako beheko partean, 13 urte daroaz 7 Katu gaztetxeak martxan. Bilboko Zazpi Kaleetako gazteen topaleku ez eze, kulturearen arlo guztiak lantzen dituan gunea da;sarri antolatzen ditue kontzertu, bertso saio, berbaldi eta antzekoak.

Irati Diez: 'Auzoari eta Bilbori hemen gagozala esatea garrantzitsua da'
Irudia: Bizkaie! | Ikusi handiago | Argazki originala

Belaunaldi barrien beharrei erantzuteko asmoz eta itoten dituan sistemeari aurre egiteko prest, eten bako mobimenduan dago 7 Katu, deskantsu barik burrukan.

13. urteurrena ospatzeko, jarduera piloa antolatu zituen pasa dan astean, baina egueneko grebea eta bestelako kontu batzuk tarteko, ekitaldi batzuk bertan behera geratu ziran. Hortaz, hurrengo egunotan ekitaldi gehiago antolatuko dituela agindu dabe. Urteurrenaren, 7 Katuren erronken eta kulturearen alde egiten daben lanaren inguruan egin dogu berba Irati Diez gaztetxeko kideagaz.

 

1.- Normalean urteurren biribilak ospatzen dira, baina zuek 13.ean be egitarau dotorea atondu dozue.

Espazio okupatu eta alternatibo batek horrenbeste urte zabalik eustea esanguratsua da, urterik urte ospatzen dogu urteurrena. Azken finean urte bat gehiago da, burrukan segitzen dogula adierazoten dauen seinalea. Auzoari eta Bilbori hemen gagozala esatea garrantzitsua da guretzat.


2.- Badun hamahiru leloa aukeratu dozue, zer adierazoten dau esaldi horrek?

Berba joko bat da, Ez Dok Amairu taldea egon zan sasoi baten, ba guk badun hamahiru dinogu, ze badira hamahiru urte martxan gabizana, leloagaz hori azpimarratu nahi izan dogu.


3.- Berbaldi, kontzertu eta bertso saioak jarri dozuez egitarauan. Gaztetxea auzora zabaltzeko balio leikie holakoek?

Gure helburuetako bat da ahalik eta jente gehien gugana hurreratzea, eta auzoaren beharrak zeintzuk diran ezagutzea. Batez be, gazteakana heldu nahi dogu. Urteurreneko ekitaldiakaz lortu dogu egunerokotasunean etorten ez dan jentea erakartea. Esate baterako, asteburuko bazkarira Bilboko beste auzoetako jente asko etorri zan. Barikuko olgeten bidez, ostera, umeakana heldu ginan, azken baten eurak dira etorkizuna. Domekako bertso saioan kontrakoa, jente nagusiagoa etorri zan, helduak, eta egiten dogun lana ikusi eben. Bertsolariak ekarten doguzanean, beti izaten dabe arrakasta itzela.


4.- Urteko beste momentu batzuetan be antolatzen dozuez bertso saioak, kontzertuak... Zuen apustua da, gazteak batzeko lekuaz aparte, Zazpi Katu kulturgunea izatea?

Bai, eta ez hori bakarrik, ze orain dinamika barri bat ipini dogu martxan, Gazte Sortzaileak izenekoa. Horren bidez, oso ezagunak ez diran arte adierazpideei lekua egin nahi deutsegu, artistei euren proiektuak aurkezteko aukerea emon. Urtarrilean izan zan lehenengo saioa, dokumental batzuen proiekzinoa, eta ondo joan zan. Zezeilean Arte Ederretako ikasle batzuek euren proiektua aurkeztuko deuskue, antzerkia be egongo da, poesia... aniztasuna nahi dogu. Jente asko gurera etorten da kontzertuak entzuten edo jai giroaren bila, eta horri buelta bat emon nahi izan deutsagu, bestelako sorkuntzei be lekua egin.


5.- Lautan Hiru jaialdiaren antolatzaile be bazarie, Euskaltzaindiagaz, Bira Guneagaz eta Café Bar Bilbaogaz. Auzoko beste eragileakaz alkarlana ezinbestekoa da?

Jaialdian parte hartzeko proposamena jaso genduanean, aukera ona begitandu jakun, beste erakunde eta eragile batzuen babesa izateko, eta, batez be, jentea gaztetxera erakarri eta gure proiektua ezagutarazoteko modu bikaina dalako. Lautan Hiruko publikoaren zati batek jakin be ez dau egingo hemen gaztetxe bat dagoanik. Igaz konturatu ginan ze jente piloa etorten dan halakoetara, gazteak zein helduak. Bide batez, halako ekimenei esker, auzora programazino kulturala ekarten dogu, eta euskeraz.


6.- Gaur egungo gazteak ez dirala mobiduten, erosotasunera ohituta dagozala... esaten da. Zazpi Katuren martxeak kontrakoa erakusten dau.

Beti ahalegintzen gara hurreko gazteakana heltzen, batez be auzokoakana. Duda barik, oraingo gazteak burrukarako prest gagoz, aurrera egiteko gogoz. Badakigu, ganera, gure atzetik be beste belaunaldi batzuk etorriko dirana, eta gure lanagaz segiduko dabe.


7.- Gaztetxeak 13 urte bete ditu, gazte belaunaldi bat baino gehiago pasau zarielako hortik. Lortu dozue transizino hori modu naturalean egitea?

Nik uste dot baietz. Orain asanbladan gabizanok 10. urteurrenaren bueltan sartu ginan. Orduko ospakizunak aurreko belaunaldikoakaz batera antolatu genduzan, eta, ondoren geu bakarrik geratu ginan, aurretik ibilitako beste pare bategaz. Transizinoa ondo egin genduan, asko lagundu euskuen gure aurrekoek.


8.- Gazteen ardurak, beharrak, arazoak... identifikau eta horreei aurre egitea be bada gaztetxeen zereginetako bat. Zazpi Kaleetako gazteek ze arazo daukiez gaur egun?

Aurreko batean ibili ginan hori sakon aztertzen, eta konturatu ginan hezkuntza sistematik bertatik datozala arazoak. Ez daukagu geure hezkuntza sistemarik, kanpokoa ezarten deuskue, eta ez gaitue preparetan etorkizunerako; ondo ikasi beharrean, dana buruz ikasi besterik ez dogu egiten sarri. Zenbaki huts bihurtzen gaitue. Horren ondorioz, lan prekarioetan amaitzen dogu.

Ganera, gure auzoan, turistifikazinoak eragin handia izan dau. Gatxa da etxea topetea, gurasoenetik alde egitea ia ezinezkoa da. Dana dago lotuta: Hezkuntza eskasak lan prekarioetara eroaten gaitu, eta horren erruz, gurasoen etxetik alde egiteko dirurik be ezin dogu lortu.


9.- Zazpi Kaleetan ze beharrizan ikusten dozuez?

Gazteok egoteko espazio publikorik ez daukagu. Lehen Esperantzako frontoia egoten zan, baina bota egin eben eta orain ez daukagu oso garbi zer egin nahi daben han. Bestetik, turistifikazinoaren eta gentrifikazinoaren arazoak aspaldi identifikau genduzan, eta SOS Alde Zaharra kolektiboaren bultzatzailea izan zan Zazpi Katu, baina egia da azkenaldion lan hori pixka bat alboratuta daukagula.


10.- Gune okupatu eta autogestionaduak beti bizi dira zalantzan, eraikina noz hutsituko daben. Horrek zuen proiektuen geroa baldintzatzen dau?

Azken urteotan nahiko lasai bizi izan dogu hori, ez dogu ezelako abisurik jaso. Baina badakigu eguneroko burrukea dana, martxan egotea bera bada erresistentzia bat. Zazpi Katuren okupazinoaren lehenengo urteetan, lau desalojo egon ziran, sasoi gogorragoa izan zan. Inoz ez dakigu holako beste bat noz tokauko dan, beti egon behar dogu prest.


11.- Zalantza hori beti egongo da. Edozelan be, planik badozue etorkizunerako?

Gaztetxera gero eta gazte gehiago etortea da gure helburua, baina ez jai girora, antolatzen doguzan ekintza guztietara baino. Urteak beteten segidu nahi dogu; urtebetetzeak ospatzen segitzen badogu, barri ona izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa