uriola.eus

Guggenheim Bilbao Museoak 'Olafur Eliasson: bizitza errealean' aurkeztu dau

Erabiltzailearen aurpegia   Kultura-aisialdia

Erakusketea zabalik egongo da bagilaren 21era arte.

Gure garaiko artistarik nabarmenetakoa dan Olafur Eliasson-en jardueran zehar egindako ibilbidea da erakusketea. 1990 eta 2020 urte artean sortutako hogeita hamar bat obraren bitartez —tartean, eskulturak, argazkiak, pinturak eta instalazinoak—, Iberdrolari esker aurkeztutako erakusketeari esker, geure ingurunea atzemon eta bertan moldatzeko modua aztertzen dau artisteak, gaur egun pil-pilean dagozan gaien gaineko hausnarketea eraginez.

Prentsaurrean izan dira Olafur Eliasson, artistea; Lucía Agirre, erakusketearen komisarioa; Rafael Orbegozo, Iberdrolako Presidentetzaren Aholkularia, enpresa hori baita erakusketearen babeslea eta Juan Ignacio Vidarte, Guggenheim Bilbao Museokon Zuzendari Nagusia.

Eliasson-en lan artistikoaren elementu nagusiak honako honeek dira: natureagazko ardurea, Islandian igarotako denporatik sortua; geometriari buruzko ikerketea; eta inguratzen gaituen mundua atzemon, sentidu eta bertan moldatzeko moduaren etenbako ikerketea.

Eliasson-en lana artelanak eta erakusketa sortze hutsetik harago doa eta esku-hartze publikoak, proiektu arkitektonikoak eta aktibismoa sartzen ditu.

Museoaren kanpoaldean, hamaika metrotik gorako altuerako ur-salto bat dago, aldamioakaz eta ur-ponpakaz egina eta uri-ingurunean eregitako natureagazko arretea pizten dau ikusleen artean.


Olafur Eliasson

Zentzumenetan, geometrian, klima-aldaketan, jasangarritasunean, argiaren inguruko ikerketan edo ingurumenean oinarritutako obrak egiteaz gan, Olafur Elliasonek interes handia dau arkitekturan eta urigintzan, baita gizarte-esparruan be.

2014an, Eliassonek, Sebastian Behmannegaz batera, Studio Other Spaces (SOS) sortu eban; estudioa, aholkularitza-agentzia eta ikerketa-zentroa batera. SOSek artea eta arkitekturea lotu eta diziplina anitzeko proiektuak eta proiektu esperimentalak gauzatzen ditu eraikinetarako eta esparru publikoetan kokatutako artelanetarako. SOSen bulegoa artistak Berlinen dauen estudioan dago.

Gune sortzaile horrek estudioko hainbat langileren eta kanpo-kolaboratzaileen lana batzen dau. SOSen lan arlo nagusietako batzuk (eremuen soziabilidadea, partaidetzea eta diseinuen baterako sorkuntzea) haren lanetako batzuetan islatzen dira; adibidez, ondokoetan: Bilakaera-proiektu estrukturala (The structural evolution project, 2001), Bilakaera-proiektu estruktural kubikoa (The cubic structural evolution project, 2004) eta Kolektibidade-proiektua (The collectivity project, 2005).

Pieza horreetan, ikusleek hartu behar dabe parte, banaka, familian, lagunekaz, taldean... Mahai handi bat, iman koloreaniztun txiki ugari edo Lego-ko pieza zuriak eta imajinazinoa besterik ez da behar norberaren amesetako uria sortzeko.

Kontuak kontu, egitura txikiek formea apurka-apurka hartzen dabe ezartzen daben erritmoan: batek eregiten dauenari eutsi egin behar jako eta hurrengoak osotu egiten dau; holan, bata bestearen segidan, mahaiaren gainazal osoa estali arte.

Eliassonen obra horreek museo, galeria edo kultura-erakundetan ikusten dira, bai barruan eta bai kanpoan; oraintsu, bilakaera-proiektu estruktural kubikoa Tate Modern museoko Turbinen Aretoan erakutsi eben, erakusketa hau Londresen izan zanean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa