'Filmin Euskeraz': euskerazko lehen streaming kanala jaio da

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2020ko ots. 17a, 17:14

Zinema onena euskal publikoari hurreratzea da helburua.

Ikusle guztiei zinema onena beren ama-hizkuntzan gozetako aukerea emoteko asmoagaz, Filmin-ek euskerazko lehen streaming kanala estreinau dau; bertan fikzinoak, dokumentalak eta etxeko txikientzako filmak euskeraz, euskeraz bikoiztuta edo euskeraz azpititulauta topau daitekez aitatau helbidean.

Momentuz, 40 izenburu ingururen artean, Koldo Almandoz-en Oreina, Telmo Esnalen Dantza, Roberto Castonen Ander edo Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak lako euskal zinemearen film handiak dagoz.

Dokumentalen artean, Oier Aranzabalek Mikel Urdangarini Margolaria-ren bidez egiten deutson omenaldia nabarmentzen da, baita Josu Martínezen Jainkoak ez dit barkatzen edo Gure Oroitzapenak, Joseba Sarrionandiaren obran oinarritutako film kolektiboa; hor euskal zinemearen izen nagusiak dagoz, besteak beste, Oskar Alegria, Maider Oleaga edo Fermin Muguruza, Baita Eugéne Green frantziarra be.

Filmin Euskeraz hiru bloketan banatuta dago: fikzinoko filmak, dokumentalak eta umeentzako zinemea; azken bloke honetan Mark Osborne-ren Printze Txikia edo Dragoi Bola lako titulu popularrez gan, Juan Bautista Berasategiren Nur eta herensugearen tenplua edo Gorka Sesmaren Pixi Post eta opari-emaileak lako euskal animazinoko adibide bikainak nabarmentzen dira.

Zinema onena euskal publikoari hurreratzea da helburua eta apurka-apurka titulu kopurua zabaltzea. Esangura horretan, laster Golem-ek Espainian estrenautako zenbait europar film ospetsu euskal azpitituluakaz egongo dira eskuragarri Filmin Euskeraz-en.

Filmin Euskeraz ez da pelikula eta serieak eskaintzen dituan plataforma honen lehenengo ekimena, izan be, aurretik, gaur edegitako Filmin Euskeraz-en antzeko katalanez eduki kanal bat be bada. Generalitatearen laguntzinoari esker, katalanez, bikoiztuta edo azpititulautako 3.000 titulu baino gehiago topau daitekez gaur egun FilminCAT-en.