Indartsu dator La Topadora talde barria

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2020ko mar. 5a, 17:33

Voy con todo diskoa plazaratu dau eta kontzertuak joteari ekingo deutso.

Ez dabe geldirik geratzeko asmorik La Topadora taldekoek. Bost kideetatik lau Vendetta taldetik datozan arren, nostalgia baztertu eta bide barrien bila ibili dira Voy con todo diskoa (Baga-Biga/Maldito Records) sortzeko orduan. Orain arte landutako ska eta pop doinuen jarraipen erosoa egin beharrean, kantu bakotxak eskatzen dauen doinu aproposenaren bila joan dira, La Topadorari nortasun barria emoteko. Hamar kantuko bildumea da lehenengo emoitzea.

Doinu alai eta jantzagarriak dira La Topadoraren oinarria, eta ska erritmoei ez deutsie uko egin. Barritasunak dira, bestetik, soul, funkie, rumba, elektronika, salsa... ikutuak. Estilo bakarragaz aspertu egiten gara, azaldu dau Luisillo Kalandraka taldekideak. Bizi-bizirik gagoz, aro barria indarrez hasi dogu; zazpi bizi daukazan katuaren moduan, orain arte izan garena hil egin da, eta barriro jaio gara, hasibarrien ilusinoagaz.

Jai girorako eta ondo pasetako musikea dakar Voy con todo diskoak, baina pentsau eragiteko berbak sartu ditue. Gizarte gaiak eta memoria historikoa lantzeaz gan, autokritikea be egin dabe kantu batzuetan. Dana dala, disko positiboa dala ziurtatu dau Luisillo Kalandrakak.

Javier Etxeberria, Rubén Antón, Enrikko Rubiños eta Gaizka Otxoa dira La Topadorako kideak, lehenago aitatutako Luisillo Kalandrakagaz batera. Argentinatik dator La Topadora izena, Vendettagaz joten ebeneko jazoera hunkigarri baten omenez. La Skandalosa Tripulación taldeko Rodrigo Cara abeslaria ezagutu eben han, baina handik gitxira hil zan. Haren omenezko kantu baten bersinotik hartu ditue La Topadora izena eta Voy con todo izenburua.

Hain zuzen be, La Topadora izeneko abesti bat dago diskoan, Rodrigo Cararen omenez kantautako pieza haren beste bersino bat. Gehienbat gaztelaniaz sortutako diskoa da Voy con todo, konposizinoan eta berbak idazten ibili diranek ez dakielako euskeraz. Halandabe, badagoz kantu instrumental bat (Ta kitto) eta euskerazko kantu bat (Gallego timbaludo). Azken horren berbak Ernesto Prat idazle nafarrarenak dira. Hurrengo proiektuetan euskera gehiago sartu nahi dabe, euskeraz dakien taldekideek konposizinoetarako astia topetan badabe.

Zuzeneko birea

La Topadoraren lehenengo kontzertua gaur, martiak 5, izango da, Bilboko Kafe Antzokian, 23:00etan. Zaleei keinua egin asmoz, doban sartu ahal izango da. Javier Etxeberriak kontzertu bizia agindu dau, espero dogu leherketa baten modukoa izatea. Disko barriko kantu guztiak joko ditue, eta bersinoren bat edo beste eta Vendettako pieza batzuk tartekatzen joango dira.

Bilboko estreinaldiaren ostean, bira luzea egiteko asmoa dau La Topadorak, Espainian be kontzertuak jota, ze horretarako daukie akordioa Maldita Records etxeagaz. Momentuz, martiaren 26an Donostian joko dabena ziurra da, eta apirilean Iruñean izango dira. Aretoakaz batera, laster jairik jai be hasiko dira, hango eta hemengo bazterrak alaitzen.

Hurrengo hileetan kantu gehiago sortuko dituela aurreratu dabe taldekideek, zuzeneko kontzertuetan erabilteko. Era horretara, ez dira bersinoen edo abesti zaharren menpe egongo luzera normaleko emonaldiak atontzeko. Gero kantu barriak hurrengo diskoren baten sartuko dituen ala ez, erabakitzeko dago.

Lehenengo singlea dan 7 vidas kantuaren bideoklipa ikusi hemen.