Beruete, Regoyos eta euren garaikideak, Bilboko Arte Eder Museoan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2020ko mar. 11a, 22:00

Bagilaren 15era arte, José Entrecanales eta Santiago Corralen bildumetako obrak ikusi ahal izango dira.

XIX. mendearen amaierea eta XX.aren hasierea modernizazino sasoiak izan ziran Espainian, ekonomia, azpiegitura eta gizartearen aldetik. Ondorioz, sortzaileek be modernotasunera jo eben, eta paisajea zan orduko adierazpide modernoena arte plastikoetan. José Entrecanales eta Santiago Corral injineruen bilduma bikainetan oinarrituta, sasoi haretako Espainiako pinturearen errepasoa egin dau Bilboko Arte Eder Museoak, Javier Barón Thaidigsmann komisario dala.

Martiaren 11tik bagilaren 15era bitartean ikusi ahal izango da Beruete, Regoyos eta paisajea José Entrecanales eta Santiago Corral injineruen bildumetan erakusketea, museoko 32 eta 33. aretoetan. Bildumagile bien ekina txalotu dabe Arte Eder Museoan egindako aurkezpenean, XIX. eta XX. mendeko jokera artistiko barrien alde egin ebelako, eurak geroago bizi izan ziran arren (bildumak 1940 eta 1970 urteen artean osotu zituen).

Izenburuak dinoan legez, Aureliano de Beruete (1845-1912) eta Darío de Regoyos (1857-1913) dira erakusketearen ardatzak. Koadro gehienak artista bionak dira, baina badagoz euren sasoiko beste artista ezagun batzuen obrak be: Joaquín Sorolla, Agustín Riancho, Francisco Gimeno eta Santiago Rusiñol. Guztien artean Regoyos izan zan artistarik kosmopolita eta erradikalena, eta lotura handia izan eban Bilbogaz. Hori dala eta, Arte Eder Museoak Regoyosen obra ugari ditu.

Erakusketa honetako pieza gehienak Entrecanales eta Corral bildumagileen oinordekoek lagatakoak dira. Arte Eder Museoaren jaubetzako bat be ipini dabe, Madrilgo Pradoko bi eta beste bilduma pribadu batzuetako bost, baina horreek be injineruen bildumen zati izan ziran lehenago. 70 koadro inguru dira guztira, gehienak 1890-1920 tartekoak.

Kontuak kontu, Darío de Regoyos etxera bueltauko balitz legez izango da, pintore horren obra-moltsorik esanguratsuena Bilboko Arte Eder Museoak gordeten dauen ezkero. Aureliano de Berueteren kasua kontrakoa da, Bilboko publikoak lehenengo aldiz ikusi ahal izango dauelako Madrilen jaiotako artista horren bilduma zabal bat.