uriola.eus

Bilbon nabarmen hazi da eLiburutegiaren erabilerea

Erabiltzailearen aurpegia   Kultura-aisialdia

Udal liburutegien sareko baliabideetan be igarri da igoerea.

Konfinamenduak ohitura barriak sortu ditu irakurzaleen artean, Bilboko Udalak zabaldu dituan datuek argi eta garbi adierazoten dabenez. Interneti esker sortu diran baliabide barriek gero eta erabiltzaile gehiago ditue liburutegi fisikoak itxita dagozan sasoiotan. Papelezko liburuak zein digitalak, etxean pasau beharreko ordu luzeetan irakurtearen alde egin dabe askok.

Jaurlaritzearen eLiburutegia zerbitzuaren hazkundea da aitagarrienetako bat. Udalak emon dituan datuen arabera, martiaren erdialdetik mila erabiltzaile barri inguru erregistrau dira Bilbon. Igoera handia izan dau eLiburutegiak azken asteotan, baina Bilboren kasua azpimarratzekoa da.

Bilboko Udal Liburutegien Sarean be igarri da internet bidezko zerbitzuen eskariak gora egin dauela. Online katalogoa eskaintzen dabe Bilboko liburutegi publikoek, eta gero eta erabiltzaile gehiago ditu. Hori ikusirik, Udalak areagotu egin dau sare sozialen bidez emoten dauen informazinoa. Esate baterako, Udal Liburutegien Facebook kontuan informazino jakingarria zabaltzen dabiz: Kultur gomendioak, eLiburutegia erabilteko jarraibideak...

Sareko nobedadeen barri emoten dauen Liburutegien blogak, bestetik, 2.000 harpidetza ditu dagoeneko, aurreko neurketan baino % 400 gehiago. Bilboko Liburutegi Digitala, funts digitalizadua osorik ikusi eta deskargetako aukerea emoten dauena, nabarmen hazi da: Deskargak % 71, 13.600etik 23.400era; konsultak, % 51, 4.200etik 6.300era.

Osasun egoereak eragindako konfinamenduak hazkunde handia eragin dauen arren, lehendik be goranzko jokerea egon da Bilbon, liburutegiakaz lotutako sareko baliabideak erabilteko orduan. Berbarako, eLiburutegia plataformearen bidez 8.351 liburu elektroniko deskargau ziran igaz, aurreko urtean baino % 28 gehiago. Liburutegien webgunean bisitak bikoxtu egin ziran urtebetean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa