Udagoienean udabarri barri bat bizi izateko deia egin dau Ikastolen Alkarteak, Covid-19agaitik atzeratutako ikastolen jaiak irailean eta urrian egitea pentsau dabelako. Herri Urrats irailaren 20an izango da, Senperen; urriaren 4an, Kilometroak, hasieran jarritako fetxan; Ibilaldia eta Araba Euskaraz, urriaren 18an, biak egun berean. Azkenik, Nafarroa Oinez ez da egingo aurten.
Antolatzaileak lan eta lan ibili dira azkenaldion, udagoieneko hitzorduen ezaugarri guztiak zehazten. Jai guztiok alkarlanean ibili gara, fetxen egokitasuna ikusten, jarritako helburuak bete ahal diran aztertzen, udazkenean ospakizunak egin ahal izango diran aurreikusten… faktore horreek eta beste batzuk aztertu eta gero (logistikakoak, osasun eta segurtasun prebentzinozkoak…), ikastolen aldeko jaiak ospatzea erabagi dogu, adierazo dau Ikastolen Alkarteak.
Horrenbeste jente batzen daben jaiak dirala kontuan hartuta, zalantzak agertu leitekezala onartu dabe antolatzaileek, baina aurrera egitea erabagi dabe: Fetxak hurreratu ahala ikusiko dogu aurrera egin geinken, edo atzera egin beharko dogun; baina, gaur-gaurkoz, jaiak ospatzeaz ziur gagoz. Izan be, ondo paseteaz gan, ospakizunok zeregin garrantzitsuak dituela gogoratu eragin dabe: Auzolana eta herrien arteko hartu-emonak sendotu, euskal kultureari bost plaza handi emon, proiektuetarako finantziazinoa lortu...
Edozein kasutan, arduraz eta erantzukizunez jokatuko dabela azpimarratu dabe antolatzaileek, eta osasuna bermatzeko baldintza guztiak beteko dituela: formatu egokituak, jan-edana baldintza seguruetan eta garbiketa sakonagoa, besteak beste. Ezohiko egoera batean gagoz, eta gure jaiak berrasmatzen gabiz.
Fetxak aldatzeaz gan, berezitasun bi dakarz Ikastolen Alkartearen plan barriak. Lehenengoa, Bizkaiko Ibilaldia eta Araba Euskaraz egun berean egingo dirala, urriaren 18an. Elorrion eta Amurrion izango dira, hurranez hurran, baina jai bien arteko loturak egiten ahaleginduko dirala dinoe antolatzaileek. Oraindino ez dabe emon zehaztasun gehiago.
Beste berezitasuna Nafarroa Oinezen faltea da. Lizarran zan ospatzekoa, urriaren 18an, baina Lizarrako ikastoleak eta Nafarroa Oinez fundazinoak uste dabe ez dagoala baldintza nahikorik jaia egiteko. Hurrengo urtera atzeratu dabe. Kolpe latza da Nafarroako ikastolentzat, baina, orain arte egin dogun moduan, alkartasun ekimenak gure artean bultzatuz, urtengo dogu honetatik be, adierazo dau Ikastolen Alkarteak.
Bide batez, Alkarteak jakitera emon dau Tanta zozketearen eguna be atzeratu egin dabela, urriaren 21era, parte hartzeko txartelak eskuratu nahi dituen guztiakana heltzeko. Euskal Herriko ikastolen eta euskal hezkuntza sistema propio baten alde egingo dabe zozketea. Txartelak bost euroan dagoz salgai, eta irabazleari 60.000 euro emongo deutsiez.