21. Bilboko Kalealdia, gaur hasi eta irailaren 27ra

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2020ko ira. 22a, 16:34

Parte hartuko daben 26 taldeetatik 13 Euskal Herrikoak dira.

Bilboko Kalealdia, kaleko antzerki eta arteen jaialdia urtero atontzen dau Bilboko Udalak eta aurten irailaren 22tik 27ra, azken hileotako osasun-krisiaren ondorioz birprogramau egin baita. Programazinoa kalidade handikoa eta askotarikoa da, edade guztietarako pentsautakoa. Iraileko aste horretan, bada, Kalealdiak nazinoarteko 26 konpainiaren 73 ekitaldi eta 27 ikuskizun eskainiko ditu, holan aurreratu dabe prentsaurrekoan, Gonzalo Olabarria Kulturako zinegotziak eta Pedro Ormazabal Jaialdiko zuzendariak.

Jaialdiak Espainiako hiru estreinaldi eskainiko ditu, Barsanti Cia, Deabru Beltzak eta Mystérieuses Coiffures konpainien eskutik eta beste hiru estreinaldi Euskadi mailan (Balbàl Company, Claire Ducreux & Toni Mira eta Daraomaï Cie taldeenak).

Ikuskizunak uriko zazpi espaziotan egingo dira: Casilda Iturrizar parkean, Arenaleko kaian, Arenalean, Arriagako plazan, Arriagako antzokiaren alboan, Bizkaia Aretoan, UPV/EHU eta Plaza Barrian. Ikuskizunak hainbat diziplinatakoak izango dira: kale-antzerkia, zirkua, jantzak, jantza bertikala, clown, musikea eta instalazino eszenikoak.

Aurten gonbidautako konpainia guztietatik 13 Euskal Herrikoak dira: jaialdiak bertoko kulturearen alde egin dau eta hemen daukaguzan punta-puntako proposamenen alde. Horreez gan, Bilboko Kalealdian Espainiako 10 konpainia eta nazinoarteko 3 egongo dira: frantziarrak bi (Europako erreferente nagusia kale-antzerkian), eta hirugarrena Belgikakoa. Guztiek jaialdiko ohiko agertokietan ikusiko ditugun lanak ekarriko ditue Bizkaiko uriburura.

Casilda Iturrizar parkean hasiko dira ikuskizunak, hilaren 22an (martitzenean), Mystérieuses Coiffures konpainiaren, Boni eta Juan Palomogaz eta Barsanti Cia taldeagaz, 17:00etan. Parkea eta Arriaga Antzokiaren plazea jaialdiko lehen egunetako agertoki nagusiak izango dira. Programazino osoa espazio bi horreetan egingo da barikura arte (hilaren 25era arte). Egun horretan, jarduerak lekuz aldatuko dira, Alde Zaharrera, uriaren auzo ezagun hau kulturaz beteteko, hainbat txokotan: antzokiaren alboan, Arenaleko kaian, Arenalean eta Plaza Barrian.

Aurten, ganera, Bizkaia Aretoa – UPV/EHU, Abandoibarran, jaialdiari amaierea emongo deutson lanaren agertokia izango da, domekan (hilaren 27an), 21:00etatik aurrera: La Glo Zirko Jantza Konpainiak Sacred jantza bertikaleko ikuskizuna eskainiko dau. Bilboko konpainia honen proposamenak kontetan deusku itsasorik sakonenetik galaxiarik urruneneraino dana konektauta dagoala eta lotura sakratu horrek bat egiten gaituala: Sacred-en, bizitzeari nortasuna emoten deutsen geometria jainkotiarretan sartzen gaitue, gogoetarako aproposa dan jantzea eta proiekzinoak dituan ikuskizun bati esker.

Bilboko Kalealdian, programazino guztia doban da eta aurrekoetan ez bezela, ez da karparik egongo. Muntaietako bakar batean, La Baldufa konpainia katalanaren Bye bye, Conffeti ikuskizunean, gonbidapena beharrezkoa izango da. Gonbidapenak Jaialdiaren Informazino Bulegoan eskuratu daitekez (gehienez, gonbidapen bi persona bakotxeko), Arenalean, irailaren 26an (11:30-14:00 / 17:00-20:00). Bye, bye Confetti lanean hiru pailazo erakutsiko deuskuez, Confetti euren buruzagiaren heriotzeagaitik negarrez. Antzezlan honetan umorea eta maitasuna barra-barra dagoz.