uriola.eus

Lorent Saleh giza eskubideen aldeko aktibisteak 'Torture 26' film laburra aurkeztuko dau Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia   Kultura-aisialdia

Ekitaldia urriaren 27an izango da Sabino Arana Fundazinoan.

Lorent Saleh giza eskubideen aldeko aktibista venezuelarraren Torture 26 dokumentala aurkeztuko dabe XXI. mendeko torturearen gaia jorratzeko. Aurkezpena Bilbon izango da, Sabino Arana Fundazinoan, urriaren 27an, martitzenean, 19:30ean egingo dan ekitaldian.

Nazino Batuen Erakundearen sorrerearen 75. urteurrenaren barruan, giza eskubideen arloan eta, batez be, torturearen kontrako burrukan gaur egun dagozan erronkak eztabaidatu eta jorratu nahi dira eta giza duintasunaren aurrean errespetua bermatu. Lorent Saleh Venezuelako ekintzaile eta oposizinogilea, Europako Parlamentuko Sajarov Komunidadeagaz batera, giza eskubideen urraketa sistematikoen inguruan sensibilizetako eta kontzientzietako egiten dabilen lanaren zati da honako jarduera hau. Lan horren helburua da munduko gizateriaren kontrako krimenen erantzuleak zigortzeko nazinoarteko legeria erkidea aurrera eroatea.

2017an Sajarov saria jaso eban Salehek; sari hori Andrei Sajarov zientzialari eta disidente sobietarraren omenez sortu eben; Europako Parlamentuak 1988an ezarri eban saria bizi osoa giza eskubideen eta askatasunaren defentsan emon daben edo ekintzak egin dituen personak edo erakundeak omentzeko.

Lorent Enrique Gómez Saleh (San Cristóbal, Táchira, Venezuela, 1988ko uztailaren 22a) venezuelar idazlea da. Operación Libertad GKEko kide eta sortzailea da eta 2011tik giza eskubideen aldeko hainbat jardueratan parte hartzen dau. Hori dala eta, Venezuelako agintariek hainbat aldiz atxilotu dabe. 2014 eta 2018 artean, Caracasko erdigunean dagoan La Tumba izeneko eraikin batean, torturak egiten diran leku batean eta, aurrerago, El Helicoide izeneko kartzela-erabilerako eraikinean egon zan. 2018ko urriaren 12an, Venezuelako agintariek askatu eta Madrilera erbesteratu zan.

Ekitaldia osasun-arauak eta edukiera betez antolatzeko, ezinbestekoa da aurrez aurreko parte-hartzea baieztatuta izatea. Dana dala, berbaldia streaming bidez be jarraitu ahal izango da hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa