uriola.eus

Gaurkotasunari lotutako zikloa hasiko da Bidebarrieta liburutegian

Erabiltzailearen aurpegia   Kultura-aisialdia

Mikel Reparaz eta Dani Álvarez izango dira lehenengo saioko adituak, bihar. 

Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak topaketa ziklo barria jarriko dau martxan, nazinoarteko gaur-gaurko gaiak aztertzeko eta gogoetea bultzatzeko, adituen eta kazetaritzako profesionalen laguntzinoagaz. Gaiak modu didaktiko eta arinean aurkeztuko dira, eta publikoak eztabaidan parte hartu ahal izango dau. 

Lehenengo hitzordua bihar, apirilak 27, izango da, 19:00etan. Ameriketako Estadu Batuetan armak eukitearen inguruan dagoan eztabaidea jorratuko dabe gaurkotasunari lotutako kazetari ezagun bik, Mikel Reparazek eta Dani Álvarezek. Biak be EITBko medioetan egin dira ezagun.

Aztertuko daben gaia pil-pilean dago Estadu Batuetan, gero eta jente gehiago armak eukiteko eskubidea mugatzearen alde dagozalako. Izan be, persona armadunek eragindako sarraskietan dozenaka lagun hilten dira urtero, baina gobernuak ez dau neurri eraginkorrik hartzen, armak eroatearen aldekoek daben indarragaitik. 

Mikel Reparaz, hain zuzen be, Estadu Batuetan korresponsal izan zan bost urtez, eta bertatik bertara ezagutu eban eztabaidea. Ameriketan ez eze, beste herrialde batzuetan be barriemole izan da, nazinoarteko gaietan espezializautako kazetaria dan ezkero. 

Dani Álvarez, ostera, magazinak aurkezten eta erreportajeak gidatzen ibili da luzaroan, telebistan zein irratian. Radio Euskadiko Boulevard saioko aurkezlea izan zan luzaroan, eta arrakastea izan eban ETBn, El legado de los huesos eta El sabor del crimen saioetan. 

Ziklo barri honetako saioetara joatea doban izango da, baina gonbidapena eskatu beharko da aurretik. Ganera, osasuna babesteko neurriak zorrotz bete beharko dira Bidebarrieta Liburutegian. Bestela, streaming bidez be ikusi ahal izango dira saio guztiak, zuzenean. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa