Elhuyar hiztegiak 25 urte bete ditu

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2021ko ira. 15a, 13:11

Urteurrena ospatzeko, webgunea eta eskuko telefonorako aplikazinoa barritu ditue.

Elhuyar-en ikurretako batek, Elhuyar hiztegiak, 25 urte bete ditu aurten eta, ospatzeko, hiztegia konsultetako webgunea eta gailu mobikorretarako aplikazinoa barritu ditue.

1996an hasi zan Elhuyarren EU-ES hiztegi elebiduna Euskal Herriko ikastetxe, liburutegi eta etxeetako apalategietan lekua hartzen eta erreferente izan da ordutik, bai euskeraz lan egiten daben profesionalentzat, bai euskerea ikasten eta irakasten dabuizenentzat be.

25 urteotan, papeleko edizino bat baino gehiago izan dau EU-ES hiztegiak eta aurrerago etorri ziran EU-FR eta EU-EN hiztegiak.

1999an emon eben papeletik digitalerako saltoa eta 2013tik egin daitekez konsultak hiru hiztegietan batera ordenagailu eta gailu mobikorren bidez.

Mende-laurena bete dauela ospatzeko, webgunea eta mobikorretarako aplikazinoa barritu ditue orain, azalean eta maminean. Diseinu moderno eta barritzailea emoteaz gan, konsulta-sistema erabilerrazagoa gehitu deutse eta hiztegiko sarrerak Interneteko adibide errealez hornidu, Dabilena web-corpusen atariari esker.

Elhuyarren hiru hiztegi elebidunak konsultau daitekez webgunean (EU-ES, EU-FR eta EU-EN) eta, bilaketak euskeratik eginda, hiruretako emoitzak batera ikusteko aukerea dago.

EU-ES sarreren kasuan, Interneteko adibide elebakarrak (EU) nahiz elebidunak erakusten ditu, Dabilena web-corpusen atariari esker. Eta euskeraz egoki idazten eta berba egiten laguntzeko aldian-aldian argitaratzen ditue gomendioak be konsultetako moduan dagoz.

Hizkuntzalaritzan erreferente izateaz gan, teknologia barrietan be eredu da Elhuyar eta, bi arloetako erreferentzialtasun horri esker, etenbarik eguneratzen eta hobetzen jarraitzen dau, euskal gizartearen eskura punta-puntako baliabideak eta tresnak jarteko. Horren erakusgarri da hiztegiaren webgune barria.