uriola.eus

Urtzi Urkixoren grabaduak ipini ditue Rekalde Aretoan

Erabiltzailearen aurpegia   Kultura-aisialdia

X. Barriek programearen barruko erakusketea da.

Bizkaiko Foru Aldundiaren bekea izan daben artisten banakako erakusketen zikloa da Barriek, eta 2021eko egitarauko hirugarren erakusketea zabaldu barri dabe, Bilboko Rekalde Aretoan. Urtzi Urkixo bilbotarraren grabaduetan oinarritutako Erinnerung-Recuerdo 2022ko urtarrilaren 23ra arte ikusi ahal izango da. X. Barriek deialdiko bekadunei jagoken zikloko erakusketea da. 

Urkixok 2020tik hona egindako lan grafikoak batu ditue Rekalde Aretoan, papel ganeko serigrafian eskuz inprimidutako argazkiak ardatz dirala. Azken urte biotako artelanak diranez, Covid-19aren ondoriozko egoereak eragin sakona dau.

Berlinen Urtzi Urkixok dauen tailerrean eginda dagoz obra gehienak, artistea han bizi dalako. Kunstlerhaus Bethanien zentroko eta BilbaoArteko serigrafia tailerretan egindakoak dira ikusgai dagozan obretako beste batzuk.

Urtzi Urkixoren lanaz eta prozesuez gehiago jakin nahi dabenentzat, artisteak tailerra emongo dau Rekalde Aretoan bertan, zemendiaren 30ean, lan-prozesuei buruzko gogoetea eragiteko eta serigrafiaren arloan egiten dauen ikerketea azaltzeko. Aldez aurretik izena emon behar da 94 406 85 32 zenbakira deituta edo mezu bat bidalita salarekalde@bizkaia.eus helbidera.

Urtzi Urkixo (Bilbo, 1993) Arte Ederretan lizentziaduna da EHUn, serigrafian espezializadua Galiziako Estanpa Garaikideko Zentro Nazionalean, eta Berlinen bizi da 2015etik. Alemaniako uriburuan obra grafikoen editore da, bere obra artistikoan sakontzeko inspirazinoa topeteaz gan. Berlingo White Grid galeriagaz alkarlanean dabil azken hileotan, laster erakusketea zabalduko dauelako han.

Barriek programea, bestetik, hamargarren edizinora heldu da. Urtzi Urkixoren obrez gan, aurtengo zikloan erakusten dabiz Jenni Alvarado, Javier R. Pérez-Curiel, Izaskun Araluzea eta Mikel Erkiagarenak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa