Euskal gramatikearen gaur-gaurko ikuspegia batu dau Euskaltzaindiak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2021ko abe. 4a, 11:30

Euskaltzaindiaren ordezkariak, Bilbon, liburu barria erakusten (argazkia: Euskaltzaindia)

Akademiaren mendeurrenean aztertu eben gaia, eta orain liburu forman dator.

Euskaltzaindiak Bilbon aurkeztu dauen euskal gramatikea ez da gure hizkuntzeak historian izan dauen lehenengoa, baina gaur egungo moldeetara egokituta datorrelako da aitagarria. XXI. mendeko Euskal Gramatika liburuan, alor horretan azken 25 urteotan erabili diran metodoak eta kontzeptuak oinarritzat hartu ditue egileek.

Argitalpen barriaren nondik norakoak emoteko batu dira, Euskaltzaindiaren Plaza Barriko egoitzan, Andres Urrutia euskaltzainburua; Miren Azkarate euskaltzain oso eta Gramatika Batzordeko kidea; eta Pello Salaburu euskaltzain oso eta Gramatika batzordeburua.

Prestakuntzeak luze jo duen arren, liburu barrian batu ditue gaur egungo gramatiken ezaugarri barrienak. Sasoian sasoiko moldeak, kontzeptuak, izaten ditue eskura gramatikariek eta horren arabera deskribatu eta azaltzen hizkuntzen ezaugarriak, dino Salaburuk. Beraz, azken 25 urteotan argitaratu diran gramatikek baliatzen dituen kontzeptuak aintzat hartzea jagoku.

Gaur egungo jokera bat da gramatikak talde-lanean egitea, Salaburuk ganeratu dauenez, aditu bakarraren lana izan beharrean: ez dira egile bakarrarenak, baina ezta hainbat egileren kapituluen bilduma hutsa be. Talde batek adostutako lanak dira. Gure kasuan, Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordeak

2019an, Euskaltzaindiaren mendeurrenaren egitarauaren barruan, XXI. mendeko gramatikak jardunaldia egin eben. Orduan aurkeztu zituen liburu barri honen nondik norakoak. Urte bi geroago, papelean zein online argitaratu dabe. 

Gramatika modernoak deskribatzaileak dira, teorikoak baino gehiago, Salaburuk azaldu dauenez. Tradizinoaren eta modernidadearen arteko orekea bilatzen be ahalegintzen dira eta, horregaitik, Euskaltzaindiaren argitalpen barri honetan kontuan izan ditue azken urteotan euskerearen inguruan idatzi diran lan asko. 

Euskerearen gramatikearen ezaugarri zehatzak agertzeko momentuan, barritasun ugari dakarz liburu barriak. Salaburuk batzuk aitatu ditu, esate baterako, deklinabidea eta kasu-sistemea bereiztea, edo, aditzaren kasuan, argumentu egiturak eta papel tematikoak gogoan izatea. 

Morfologia lexikoari zazpi kapitulu emon deutsez eta sakon barritu dira izenari, adjektiboari, izenordainei, adberbioei, determintzatzaileei eta aditzei eskainitako atalak. 

Dana dala, Salaburuk ohar bat egin dau: honegaz euskerearen gramatika osoa idatzi dala esan daiteke? Ez. Gramatika gaien azterketea, munduan dagozan diziplina guztietan lez, ez da inoiz agortzen.

XXI. mendeko Euskal Gramatika liburuaz argibideak eta papeleko bersinoa erosteko bidea hemen