Nerea Ibarzabal irabazle Larrabetzun, eta finaleko zortzikotea prest

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2021ko abe. 7a, 11:45
Nerea Ibarzabal (eskuman), Larrabetzuko saioan; Jone Uria da ezkerrekoa (argazkia: Bizkaiko Bertsozale Alkartea)

Azken finalaurrekoan, Jone Uriak egin dau aurrera, Ibarzabalegaz batera.

Hirugarren finalaurrekoa izan dau 2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketeak Larrabetzun, aurtengo edizinoko azkena. Honenbestez, finalean kantauko daben zortzi bertsolarien izenak badakiguz: hiru saioetako irabazleak eta puntuazinoaren araberako beste bost.

Hauxe da finalisten zerrenda osoa, hurrenkera alfabetikoan: Aitor Bizkarra, Aitor Etxebarriazarraga, Etxahun Lekue, Gorka Pagonabarraga, Jone Uria, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia.

Nobedadeak dagoz, beraz, zortzikotean, aurreko urteetako finalen aldean. Faborito nagusiek ez dabe euren legea ezarri, eta aurreikusten gatxa izan dan sailkapena itxi dabe finalaurrekoek. Esate baterako, oraintsu finalista izandako Ibon Ajuriagojeaskoa eta Miren Amuriza ez doguz Bilboko azken saioan entzungo.

Jarduneko txapelduna bai, Onintza Enbeita finalean izango da barriro, baita azken urteotako finaletan sarri agertu diran beste batzuk be, adibidez Nerea Ibarzabal, Xabat Galletebeitia eta Jone Uria. Txapeldun izandako Etxahun Lekuek be lekua egin dau Miribillako oholtzan.

Bizkaiko Txapelketako finala abenduaren 18an jokatuko da, 17:00etan, Bilboko Miribilla auzoko Bilbao Arenan.

Larrabetzuko azken finalaurrekoari jagokonez, Nerea Ibarzabalek batu ditu puntu gehien, 542,5, eta Jone Uria be ez da urrun ibili (534). Biek eskuratu dabe finalerako txartela, baina hurrengo lau bertsolariak, puntuazinoan nabarmen atzerago geratu diranez, ez dira finalean izango.

Txaber Altube izan da hirugarren (483 puntu), Ander Elortegi laugarren (477), Eneko Abasolo Abarkas bosgarren (469) eta Julen Arzanegi seigarren (436,5). Gai-jartzailea Itxaro Juaristi izan da.