Bilbok beste lau Ospetsu ditu

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2021ko abe. 9a, 19:00

Miren Agur Meabe, Bilboko Ospetsua

Boni García de Loma-Osorio, Miren Agur Meabe, Fernando Querejeta eta Alicia Rueda dira.

Euren ibilbidearen bitartez uriaren izen ona zabaltzen dabenei autortzea egiteko, Bilboko Ospetsuak izendapena sortu eban Udalak 2001ean. Urtero zerrendea potolotzen doa, eta Juan Mari Aburto alkateak 2021ean Ospetsu izentauko dituenen barri emon dau. Lau lagun dira, gizartearen alor ugaritakoak: Boni García de Loma-Osorio ostalaria, Miren Agur Meabe idazlea, Fernando Querejeta injinerua eta Alicia Rueda diseinatzailea.

Euren bizitzak eta balioak Bilboganako maitasun eta pasinoagaz lotuta egon dirala nabarmendu dau Juan Mari Aburtok. Zazpi Kaleetan zuztartutako ostalaritzea, kulturgintzea, ekonomiaren mundua eta modako sormena batzen ditue aurtengo izendapenek. Eskerrak emon nahi deutseguz, gure uriaren izena harrotasunez zabaldu eta ezagutarazoteagaitik, baita nazinoartean be.

Orain izentautako lau honeekaz, dagoeneko 111 Bilboko Ospetsu dagoz. Abenduaren 15ean, eguaztena, lau kide barriei omenaldia egiteko ekitaldia egingo dabe udaletxeko Arabiar Aretoan.

Boni García de Loma-Osorio: Posta kaleko Lago kafetegi ospetsua zuzentzen daben laugarren belaunaldiko kidea da, Zazpi Kaleetako beti-betiko bizilaguna. Merkatari eta ostalarien alkartean sarri parte hartu izan dau, sektorearen aurrerabidea helburu, eta Begoñako Anaidiko kide eta Ohorezko Erromesa da.

Udalak nabarmendu dauenez, jatorri botxeroa ahaztu barik, Bilbo gizatiarrago eta solidarioagoa lortzeko ardura personal eta profesionalagaitik izentau dabe Ospetsu. 

Miren Agur Meabe: Idazlea, testu-liburuen egilea eta itzultzailea da. Lekeition jaioa, euskaldun askoren idazle gogokoena da, umeen zein helduen literaturan idatzi dituan obrakaitik, prosan zein poesian. Makina bat sari irabazi ditu Meabek, tartean Kritikearen Saria, Euskadi Saria hiru aldiz eta orain dala aste batzuk, Espainiako Sari Nazionala.

Bere talentu eta ibilbide profesionalagaitik, zeini esker euskerea eta euskerazko produkzino eta zabalkundea munduko literatura-unibersoan dagozan, sartu dau Udalak Ospetsuen zerrendan. 

Fernando Querejeta: Donostian jaioa eta Bilboko Injineruen Eskolan ikasitakoa. 1966tik hona, IDOMen egin dau bere ibilbide profesional osoa, eta enpresea injinerutzearen alorreko euskal enpresa puntakoenen artean sartzen lagundu dau. Ospe handiko obretan zuzendari izan da eta IDOMen bertan be karguak bete ditu. 

Hauxe da Udalak emondako arrazoia: Bere enpresa-sen kantsauezinagaitik; eta Bilbo nazinoarteko injinerutzearen eta arkitekturearen epizentroan jarteagaitik

Alicia Rueda: Familiatik jatorko josteko zaletasuna, eta gazte-gazte ekin eutsan bere diseinuak egiteari. Gaur egun, euskal modako diseinatzaile ezagunenetakoa da, nortasun handiko sorkuntzei esker eta era askotako publikoarentzat egindako bildumakaitik. Bilbon ditu dendea eta showroom-a. 

Udalaren arabera, Ospetsu izentau dabe bere burruka personalean erakutsitako sendotasunagaitik eta bere diseinuakaz Bilbo egiteagaitik hainbat eta hainbat emakumeren amesak egia bihurtzeko leku.