'The Wall of Shadows' poloniarra, XII. Mendi Film-eko irabazlea

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2021ko abe. 13a, 11:00

Sherpa familia batek Kumbhakarna mendi sagradura egindako espedizinoa kontetan dau.

XII. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdia amaitu da astegoienean eta, Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian, epaimahaiak bere ebatziaren barri emon dau. Aurtengo sari nagusia Eliza Kubarska poloniarrak zuzendutako The Wall of Shadows lanarentzat izan da (jatorrizko izenburua Sciana Cieni), Euskal Herriko estreinaldia jaialdian bertan izan dauen 94 minutuko filmarentzat. Alemania, Polonia eta Suitzaren arteko koprodukzinoa da.

Sherpa etniako familia baten abenturea kontetan dau Kubarskak pelikulan. Kumbhakarna mendira doan Mendebaldeko espedizino bategaz bat egiten dabe, euren semea eskolara joan daiten dirua irabazteko. Kontua da ze, mendi hori sagradua dala sherpen kulturan eta, beraz, zalantza ugariri aurre egin beharko deutsie, euren tradizinoari traizinoa egiten dabizalako.

Palmaresean Kubarskaren lanagaz batera agiri dira beste batzuk be, kategorien arabera. Zuzendari onenearen atalean, esate baterako, Hamid Sardar izan da irabazlea, Le cavalier mongol filmagaitik. Gidoirik onenaren saria Godspeed, los polacos pelikulako lantaldearentzat  izan da.

Epaimahaiaren sari berezia Ben Tibbets zuzendariaren The Traverse-k irabazi dau; Zinematografiarik onena Mathieu Le Lay-ren A White Dream-ek; eta soinu-bandarik onenarena, Laurent Parisik eskuratu dau, lehen aitatutako Le cavalier mongol-en musikeagaitik.

Atalen araberako sariak era honetan banatu ditue: Mendizaletasunaren inguruko pelikularik onena, Mendiak 1976; eskaladan, Black Ice; natura eta kultura arloan, La pantalla andina; kirol eta abenturan, After Antarctica; eta film laburrik onena, Melting Landscapes. Epaimahaiaren aitamen berezia Jocelyn Chavy-ren Julia-ri egin deutse.

Aitatzekoa da, ganera, euskeraz egindako pelikularik onenarentzat be saria egon dala. Aurtengo edizinoan Amarena izentau dabe sail horretako onena, Jon Goikoetxea Lopez de Aldak eta Iker Larrinaga Peralek zuzendutako lana. Itziar Zabala eskalatzaile bizkaitarra protagonista, gure zuztarretarako bidea erakusten dau filmak, euskereaganako, naturaganako eta Ama Lurraganako maitasunaren bidez.

Luis Arrieta Etxebarriaren Mendiak 1976 izan da Mendi Filmeko beste euskal film aitagarria, palmaresari jagokonez behintzat. Izan be, gorago aitatutako mendizaletasunari buruzko ataleko sariaz gan, publikoaren gogokoenaren saria be irabazi dau.