Bilboko Deustu auzoan dagoan La Fundición aretoak 35 urtetako ibilbide sendo eta emonkorra egin dau, bai programazinoan, baita arte eszenikoak babesteko eredu legez. Konpainia independenteren 1.700 ikuskizun baino gehiago egon dira azken hiru hamarkada eta erdi honetan La Fundicionen eta, era berean, 200 muntajek erakutsi ditue lanak tokiko konpainien zerbitzura jarritako baliabideei esker. Ibilbidea ospatzeko, besteak beste, Max Saria (2007) eta Ercilla Sari bi (1994 eta 2006) jaso dituen obrak ikusi ahal izango dira gaur, abenduak 16 (19:30), Euskadiko laguntzaile, publiko, lagun, prensa eta arte eszenikoen sektore osoari deialdia eginez. Topaketa honetan indar handiko historiari buruzko dokumental labur bat (Doos Colectivo-ak zuzendua) emongo da. Ondoren, erresistentzia antzerkian eta, gehienbat, jantza sektoreko jokera eszeniko barrien alde ardatz izandako 35 urteokaitik topa egingo da La Fundición taldea osotzen daben Luque Tagua, Laura Etxebarria eta Marian Etxebarriagaz, hain zuzen be.
1986. urtearen amaieran, gaur egun Bilbo ezagutzen dan moduan ez zanean existiduten, lehen biak urian bertan espazio bakar bat edekitearen alde egin eben: 600 metro koadroko loft industrial handi bat Ramón y Cajal kalean, Fundiciones Ligeras del Norte egoitza zaharrean; ondoren, entsegu-areto bi eta erakusketa beste sala batean berregituratu ebelarik. Luque Taguak, Kataluniara biziten joan zan andaluzak eta Laura Etxebarriak, bilbotar eta Basauriko Antzerki Eskolako fundatzaileetako batek, Bartzelonako Institut del Teatre-n ikasten egozala topo egin eta jantza garaikidearen eszenea ezagutu eben Bruselan. Aparteko asmoa zan Bilbo sortzen egoan abangoardiako zirkuitu eszenikoan kokatzea. Hasieran, ezelako laguntza publikorik barik, eskaintzen zituen jantza eskolei esker alokairua pagetan eben eta sasoi haretan gailentzen egozan artista plastikoen (Ignacio Goitia, Eduardo Sourrouille, Javier Pérez eta beste batzuk) erakusketak psaioak be.
Nahiz eta eurak be sortzaile izan (euren konpainiak Forros y Puertas Abiertas jantza garaikidean aitzindariak izan ziran Euskadin eta nazinoarte mailan be ibili ziran), berehala oinarritu ziran kudeaketan: norberaren helburu artistikoei uko egin eutsen, La Fundición inguruan euskal artista garaikideen komunidade edegia sortzearen gaineko amesa gauzatzeko. Matxalen Bilbao, Begoña Krego, Blanca Arrieta edo Mayda Zabala lako jantzari eta koreografoek, besteak beste, euren lehen proiektuak jorratu zituen eta publikoa be topau eben. Denporearen poderioz, antzerkiko kideak be (Ramón Barea, Felipe Loza edo Itziar Lazkano) programazinoaren parte izan ziran. 1996. urtean, La Fundición lekuz eben, Deustuko Francesc Macià, 1-3 behean behin betiko kokatzeko eta gaur egun bertan jarraitzen dau. Urte honeetan guztietan, antzerkiaren eta jantza garaikidearen izen nabarmen guztiak, sasoi haretan, Euskadin programetako aukerarik izango ez ebenak, bertatik pasau dira, besteak beste, La Ribot, Angélica Liddell, Mal Pelo, Rodrigo García, Donna Uchizono eta Cesc Gelabert.
Baina La Fundición-ek areto programatzaile (denporaldi oso, iraunkor eta jarraituagaz) eta tokiko sortzaileentzako baliabideen zentro lez funtzionau dau, baita taldeak publikoen garapean parte hartu nahi izan eta laguntzaile legez be (funtzinoen ondoren beti atondu izan ditue barriketaldiak eta 2014tik, euren Ikusleen Tailerra be badabe), baita arte eszeniko garaikideen sektorearen profesionalizazinoan eta aurrerapenean be ('Libro blanco de la danza' liburua existidu aurretik jarduera egokiak ezarri zituen; Espainiako Antzerki Alternatiboen Sarearen bultzatzaile izan ziran; Eusko Jaurlaritzeagaz sorkuntza artistikoaren laguntzetan jantzea-ren goiburu berezia barrubatzea bultzatu eben). Gainera, lankidetza publiko-pribatuan aitzindariak izan ziran eta Bizkaian, Foru Aldundiaren babesari esker atondutako Jantzegunak, aspaldiko jantza garaikidearen lehen jaialdia etorri zan.
Gaur egun, La Fundición, gauzatu duaen bide zuzen eta esperientziari esker, laguntza publikoak irabazi dituan erakunde bat da; eta horrek Deustuko aretotik jarduerea zabaltzea lortu dau. La Fundacion taldea ekimen garrantzitsu bitan programatzaile eta koordinatzaile be bada: Lekuz Leku (Nazinoarteko Jantza Jaialdia, orain dala 16 urtetatik Abandoibarran egiten dana, uda guztietan eta aire zabalean) eta Jantzaldia (Nazinoarteko Jantza Jaialdia, 2000. urtean jaioa). Era berean, La Fundición-ek urtero Bilbon atontzen diran lehiaketa askogaz kolaboretan dau (BAD, Nazinoarteko Txotxongilo Jaialdia, Zinegoak eta bestelakoak). Eta horren adierazle da orain dala 35 urte jaio ziran ate edegien espiritu hori indarrean jarraitzen dauela; hiru hamarkada eta erdi, “agertoki garaikidearen begirada nabarmenenak erakarriz eta publikoaren konplizidadeari eutsiz.
Azken buruan, abenduaren 16an, Euskadiko laguntzaile, publiko, lagun, prensa eta arte eszenikoen sektore osoari topaketa baterako deialdia egin jake eta bertan La Fundacion aretoaren historiaren gaineko dokumental labur bat ikusteko aukerea egongo da. Informazino gehiago hemen.